Silvia Camino Branka Gizarte Zentroaren atarian. (Izaskun Urbieta)
Sendian programa menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileei zuzendutako egitasmoa da. Programak helburu du zaintzaileari laguntzea, indartzea eta egiten duen zaintza hobetzea eta aitortzea. Programaren zereginetako bat formakuntza saioak eskaintzea da, eta hain zuzen, bi astez, menpekotasun egoeran dauden pertsonen egoera zailak maneiatzeko ikastaroa eman du Silvia Camio psikologoak.
Guztira hamar bat pertsona izan dira tailerrean, eta aurrez programatutako gaiez hitz egin arren, bakoitzaren esperientziak, arazoak eta egonezinak landu dituzte. "Lehenengo saioan galdera bat egin nien: zainketa lanetan zein egoera egiten zaizue zailena?", aipatu du Camiok. Hortik abiatuta, bakoitzaren beharrak erantzutea izan da Camioren lana.
Pertsona bakoitzak bere egoerak kontatzen ditu saioan, baina horietako hainbat, kasu askotan, errepikatu egiten dira. «Batez ere zailtasun fisikoak dituzten pertsonen egoerak azaltzen dira, izan ere, autonomia eta mugimendua galdu egiten dituzte. Horretaz gain, dementzia duten pertsonen adibideak ere asko dira», kontatu du.
Genero kontua
Bi motatako gaixoak bereizten dira: bere burua utzi edo abandonatu eta ondorioz, laguntza gehiegi eskatzen dutenak, eta, aldiz, dena egin ahal dutela pentsatuz, laguntza ukatzen dutenak. Adinaren faktorea ez da hain ezinbestekoa gaixotasuna areagotzeko. Camioren ustez, "zahartzaro aktibo eta parte hartzailea duen jendea dago. Baina estatistikak hor daude, eta 85 urtetik aurrera gaixotasun fisikoen eta dementziadunen tasa igo egiten da".
Funtzio kognitiboen galera izaten da orokorrean arazo nagusiena, eta hori lantzeko hainbat gai jorratu dituzte, hala nola, lo egiteko arazoak, egonezina... "Interneten doan aurkitu ditzaketen material batzuk erakutsi dizkiet. Memoria estimulatzeko eta beste funtzio kognitibo batzuk lantzeko oso aproposak dira horiek. Horrela, gaixoa estimulatuta dagoen heinean, errealitatearekin hobeto konektatzen du eta gutxitu egiten dira trastorno eta jarrera desegokiak", adierazi du.
Egoera zailetan aurrera egiteko baliabide horiek oso baliagarriak dira zainketa lanetan diharduten pertsonentzat, normalean familiartekoak izaten baitira. Zumaiako ikastaroan parte gartu dutenen kasuan, hamarretik zortzi gaixo daudenen alabak dira, beste bat semea, eta azkena, emaztea. "Zainketa lana familiartekoek egiten dituztenean, emozionalki handi egiten zaie. Izan ere, ikusten dute pertsona hori ez dela ezagutu dutena, hori da barneratzea gehien kostatzen dena. Azkenean, rol aldaketa bat gertatzen da, alaba edo semea pasatzen da gurasoak zaintzera eta zaila da aldaketa hori onartzea", kontatu du.
Emozioak kudeatzea ere landu dute. Zaintzaileen erruduntasuna edo gaixoa abandonatzearen sentsazioa asko ateratzen den gaia da. "Beren burua ere zaindu behar dute, eta denbora hartu beraientzat. Horrekin batera gustatzen zaizkien aktibitateak egiten jarraitzea gomendatzen diet".
Normalean, emakumezkoak dira zaintza lanetan ibiltzen direnak. Hala ere, pixkanaka aldatzen ari den kontua dela nabarmendu du Camiok. "Amaginarreba inplikatzea oso tipikoa da, adibidez. Badirudi emakumeek genetan daramagula zaintzaren kontua. Gainera, familiaren partetik emakumeek laguntza gutxiago jasotzen dute gizonezkoek baino. Adibidez, gizona bada andrea zaintzen duena, beren seme-alabek asko lagundu eta animatuko dute aita. Kasua alderantziz bada, amak zainketa lan guztiak egiten dakiela uste dute", aipatu du.
Laguntza eskatzeko prest izan behar dugula ere aholkatu du Camiok. "Familian ardura egon behar da. Hitz egin, bilerak antolatu eta konpromisoa hartu. Guztion arteko lana da, eta zainketan gidaritza ematen duenak laguntza behar badu, eskatu egin behar du".