Zestoako eta Zumaiako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak izango dira urrian

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 3a

Lau bisita gidatu izango dira, urriaren 7tik 28ra bitartean. Bisita gidatuen helburua bailarako ekonomiarentzat oinarrizkoak izan ziren jardueren aztarnei balioa ematea eta industria ondare berezi hori ezagutaraztea dira.

Urriaren 7tik 28ra bitartean Zestoako eta Zumaiako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Bisita gidatuen helburua bailarako ekonomiarentzat oinarrizkoak izan ziren jardueren aztarnei balioa ematea eta industria ondare berezi hori ezagutaraztea dira. Honako hauek dira Ondarearen Europako Jardunaldien barruan egingo diren bisita gidatuak: -Narrondoko zementuaren paisaia Urriak 7, larunbata, 10:30. Narrondo auzoa (Narrondo tabernaren aurrean) Izen-ematea: 634 457 022 edo ziiz@ziiz.eus. Antolatzailea: ZIZ eta Zumaiako Udala. Zumaia eta Zestoa arteko Narrondo auzoko paisaian daude txertaturik industrializazioaren benetako ikur eta industria ondarearen elementu batzuk. La Zumayana eta San Jose zementu naturalaren fabrika zaharren arrastoak dira. XIX. mendearen erdi aldera, Urola Behean sortu, eta portuko mugimendurako eta Zumaiaren izena zabaltzeko hain mesedegarria izan zen zementugintza jardueraren lekukoak izan ziren. Egingo den bisita gidatuan arreta berezia emango zaio La Zumayana fabrikaren aztarnei. -Zumaiako paisaia, Yeregui erlojuen bitartez Urriak 8, igandea, 10:30, Santa Engraziako benta. Izen-ematea: 666 950 274 edo xabier@yereguielkartea.eus. Antolatzailea: Yeregui elkartea. Elizak eta ermitak kultur paisaiaren osagai funtsezkoak dira, dimentsio desberdinetatik begiratuta: erlijioa, jaiak, lurraldea, gizartea… Euskal Herrian bada 1769tik ezaguna den erlojugileen familia bat: yereguitarrena. Familiako lehen errementari erlojugilea, Jose Francisco Yeregui Zabaleta eta yereguitarren hurrengo belaunaldiek lan horri eutsi zieten 1975 bitartean. Horiek horrela, yereguitarren erloju garrantzitsuen berri emateko ibilbide bat proposatu dute, funtzionamendua eta gizartean zuten eragina azaltzeko. -Danbolinzulo kobazuloan barrena Urriak 13, ostirala, 10:00 – 12:00. Zestoako Turismo Bulegoa Izen-ematea: 943 868 811 edo info@ekainberri.com. Antolatzailea. Ekainberri. Haitzuloak Eusal Herriko kultur paisaiaren erreferentzia puntu nagusietako bat dira, eta horien artean, Zestoako Danbolinzulo haitzuloa dago. 18.000 urte baino gehiago dituzten artelanak aurkitu zituzten bertako miaketa lanetan aritu ziren Antxieta elkarteko kideek. Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien gaia paisaia denez, normalean egin ezin den bisita eskainiko du Ekainberrik. -Ertxiña mendiko lignito meatzaritza ondarea Urriak 21 eta 28 (larunbatak), 11:00. Aizarnako plaza. Izen-ematea: kultura@zestoa.eus. Antolatzailea: Zestoako Udala. XIX. mendean Ertxiña mendiko lignito ikatz zainen ustiaketari ekin zieten, inguruan sortzen joan ziren zementu hidraulikoa egiteko lantegietako labeentzat erregai aproposa zelako. XX. mendean meategi horiek ixten eta beraien aztarna materialak galtzen joan ziren.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide