Irudietan: Kataluniari babesa emateko mobilizazioak egiten jarraitzen dute gaur

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 3a

Erreferendumaren ostean, greba orokorra egiten ari dira gaur Katalunian, eta hari babesa adierazteko asmoz, mobilizazioak egiten jarraitzen dute eskualdean. Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Zumaian, esaterako, elkarretaratzeak egin dituzte goizean dozenaka lagunek, LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek deituta, eta langileei dei egin die atseden-orduan lantoki aurrera atera daitezen. Zestoako San Juan Fundazioan, adibidez, protesta egin dute bertako langileek. Zestoako San Juan Fundazioko langileak. (LAB) Udaleko langileak ere plazan elkartu dira. Zestoako Udaleko langileak. (LAB) Azpeitian, berriz, udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea hainbat udal langilek eta Udal Gobernuko ordezkariek.   Elkarretaratzea, Azpeitian. (ELA Urola Kosta) Bestalde, San Martin egoitzako langileak eta egoiliar zenbait egoitzaren atarira atera dira Kataluniari babesa erakustera. San Martin egoitzaren aurrean ere egin dute elkarretaratzea. (LAB) Hainbat lantegitan ere egin dituzte lanuzteak; Glualen eta Bielen, esaterako. Glual enpresako langileak. (LAB)   Biele enpresako hainbat langile. (LAB) Azpeitiko Ikastola Ikasberriko langileak. (Ikasberri) Azkoitian, besteak beste, lanuztea egin dute Murua lantegian. Murua enpresako hainbat langile. (LAB) Zumaian, bi elkarretaratze egin dituzte ordu berean; institutuan eta udaletxean. Lehenengoan, gainera, sindikatuak ez ezik Ernai eta Ikasle Abertzaleak ere batu dira protestara. Zumaian udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea goizean. (Baleike.eus) Aiako eta Getariako Indaux lantegietan ere egin dute lanuztea. Indaux enpresako langileak, Aiako lantokiaren aurrean. (LAB) Getariako Indaux enpresako langileak. (LAB) Zumaian, arratsalderako ere jarri dituzte hitzorduak. 19:00etan giza katea egingo dute Magnolioan, Kataluniarekin bat. Demokrazia. Herritarrok dugu hitza lelopean. Gure Esku Dagok, ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta EA, EAJ eta EH Bildu alderdiek deitu dute arratsaldeko mobilizazioa. 22:00etan, berriz, kazelorada egingo dute Kofradiatik. Azkoitian, lapikoak astintzeko deia egin diete herritarrei balkoietatik, 22:00etan, eta ordu berean, argiak itzaltzeko ere eskatu dute. Azpeitian, berriro kalera aterako dira 22:00etan, eta elkarretaratze zaratatsua egingo dute plazan. Era berean, balkoietatik ere lapikoekin zarata ateratzera egin diete herritarrei. Ostegunean, berriz, errepresioaren aurka zer jarrera hartu eta Kataluniari babesa nola erakutsi erabakitzeko eta iritziak elkarbanatzeko asanblada egingo da Sindikatu Zaharrean, 18:30ean hasita. Zarautzen, igandean bezala, kazerolada egingo dute gauean. 22:00etan jarri dute hitzordua, Lege Zaharraren enparantzan. Zestoan, bestalde, 19:00etan plazan elkarretaratzea egiteko deia egin du herritar talde batek, eta 22:00etan kazerolada egingo dute balkoietatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide