Gazteen emantzipaziorako Alokairu Beka onartu du udalak

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko urriaren 3a

Alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea da asmoa. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Bilduren abstentzioarekin onartu da

Etxebizitzen alokairua arazo handia da herrian. (Izaskun Urbieta) Pasa den ostegunean egin zuten udal osoko bilkuran, bertan gazteen emantzipazioa helburu duen Alokairu Beka programa onartu zuten. Bekaren helburuak dira gazteen emantzipazioa eta etxebizitzen alokairu partekatua sustatzea. Programa 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta inguruko herrietako programetatik bereizten dituen bi ezaugarri ditu: alde batetik, etxebizitzaren alokairua partekatua bada, hobari handiagoa lortzeko aukera izango da, eta, beste aldetik, ikasten ari diren pertsonek diru laguntza handiagoa eskuratzeko aukera izango dute. Laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina etxebizitza partekatuz gero, norberaren diru sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasoko dute. Horri esker, Alokairu Bekak norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza lortzeko aukera eskainiko du. Bekaren bidez emango duten gehienezko diru laguntza 150 eurokoa izango da. Bestetik, formakuntza aldetik, pizgarriak lortzeko aukera gehiago izango da. Hala, urtean zehar 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten dituztenei hilero 10 euroko hobaria emango zaie. Beka eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko ditu eskatzaileak: 18-35 urte izatea, eta, gutxienez, 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea, besteak beste. Programa abenduan jarriko dute indarrean, baina lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Bekaren diru laguntza jasotzeko, etxebizitzaren alokairuak ezingo du 600 eurotik gorakoa izan. Programaren hainbat baldintzarekin ez dira konforme azaldu EH Bilduko zinegotziak. Etxebizitzaren alokairurako bekaren proposamena positibotzat jo zuten, ez ordea, programaren baldintza batzuk; adibidez, beka eskuratzeko aukera duten pertsonen adin tartea. "Udal Gobernuak 18-35 adin tartera mugatu du beka, gure ustez, ordea, zumaiar guztientzat zabaldu behar da aukera». Zumaian 10 urtez erroldatuta egoteko baldintzarekin ere ez daude ados. EH Bilduren ustez, bi urtez egotearekin nahikoa da. Bestalde, etxebizitzaren alokairuaren prezioaren inguruan ere desadostasuna agertu zuten. «Kopuru baxua dela iruditzen zaigu, gaur bertan, etxebizitzen alokairuak 700-750 eurotan daudela ikusi ditugu", adierazi zuten. PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonentzat positiboa da programa berria. "Jende askorentzat onuragarria izango da. Lan ona egin du Udal Gobernuak, nahiz eta hobetzeko tartea baduen. Nire ustez 10 urtez herrian erroldatuta egotea gehiegizko baldintza da, baina ikusiko dugu programaren garapena, eta hobetuko da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide