Monika Juaristi azpeitiarra boza ematen.
Gaur, igandea, independentziaz erreferenduma ari dira egiten Katalunian, eta Urola Kostako hainbat herritar bertan da. Begirale lanak egitera, erreferenduma bertatik bertara ikustera nahiz babesa ematera joan dira herritarrak, eta gaur Katalunian gertatzen ari direna sare sozialetan-eta elkarbanatzen ari dira. Gainera, herritarrek UROLA KOSTAKO HITZAren e-postetara ere bidali dituzte Kataluniako hainbat txokotan ateratako argazkiak. (Oraindik bidal daitezke argazkiak
azpeitia@hitza.eus helbidera)
Herritar batzuk gaua hauteslekuetan igaro dutela jakinarazi dute. 06:00etarako zabalik ziren bozkalekuak, eta han izan dira kataluniarrek botoa ematea bermatzeko. 09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta handik gutxira istiluak ere izan dira toki batzuetan.
Urola Kostako EH Bilduren udal ordezkari batzuk Katalunian dira; hain zuzen ere, Udalbiltzaren bitartez joan dira begirale lanak egitera Estitxu Elduaien Azpeitiko zinegotzia, Iraitz Otaño Azkoitiko zinegotzia eta Alex Oliden Zumaiako zinegotzia.
Otaño Gironan ari da erreferenduma bertatik bertara bizitzen. Hark esan duenez, biolentziarik ez dute ikusi, baina herritarrak joan zaizkie irudiak eta gorputzeko arrastoak erakustera. "Tentsiodun giro lasaia ari gara bizitzen uneoro, polizia noiz iritsiko zain baikaude". Otañok azaldu duenez, 14:30ean ziren Gironatik alde egitekoak, baina herritarrek jarraipena egiten gelditzea eskatu diete "puntu beroa" izan daitekeelako arratsalde partean. "Harrera bikaina egin digute, ongietorriak izan gara, eta sentimenduak oso agerian daude egun osoan. Jendea oso hunkituta dago".
Elduaien ere Gironan da Otañorekin batera. Hark esan duenez, goizean goizetik "egun intentsoa" ari dira bizitzen. "05:00etan jaiki eta 08:00etarako iritsi gara Gironara. Bertako alkateak harrera egin digu eta herritarrak txaloka hartu gaituzte. Oso hunkigarria izan da, baina bi minutuko kontua izan da; izan ere, polizia zetorrela eta, herri harresiak sortzen eta lasterka hasi da jendea". Azpeitiko zinegotziak dio bizitzen ari direna hunkigarria dela, herritarrek eman duten erantzun "baketsu eta eredugarriagatik". Baina negargurea eta tristura ere sentitu duela esan du: "Espainiako Gobernuak poliziarekin erakutsi ditu guk Euskal Herrian askotan bizi izan ditugun formak, zein diren eta nolakoak diren erakutsi dute". Elduaienek esan du "korapilo handiarekin" daudela, "gertaera oso gogorrak, gauza onak eta txarrak" ikusi dituztelako. "Emozionantea da adineko jendea boza ematera joatean herritarrak haiek txalokatzen ikustea, jendea negarrez ikustea, botoa eman eta zelebratzen ikustea, baina, aldi berean, beldurra eta odola ikusi ditugu". Elduaienek dio Kataluniak dagoeneko irabazi duela: "Oztopo guztien gainetik botoa ematen ari dira eta ez ditu ezerk geldituko. Hauek badoaz, eta ea euskal herritarroi erakusten diguten hauen bidetik segitzen".
Miren Alcedo azpeitiarra, berriz, Bartzelonan da, eta Travesia de Gracia kalean bizitzen ari denaren berri eman du. 15:30erako gero eta jende gehiago hasi da inguruan pilatzen, eta bozkatzeko ilarak kale osoa hartu duela jakinarazi du. Egunaren balorazioa egiterakoan, "kataluniarren inozentzia" azpimarratu du: "Ez zuten inondik espero bortizkeria hau, ez zuten uste ausartuko zirenik. Lehendik argudioak bazeuzkaten, orain gehiago. Dagoeneko ez da independentziaren aldeko zerbait, frankismoaren kontrakoa da. Hemen, jendeari entzuten, batzuek zioten estelada ez dela inoiz izan beren bandera, senyera zutela beraiena. Baina, orain bai, estelada dela. Eta 'jada irabazi egin dugu' esaten dute, ikusitakoak ikusita". Herritarrak Europara begira daudela gaineratu du, "erantzun baten zain".
Monika Juaristi azpeitiarra
Katalunian bizi da duela bi urtetik, eta gaur boza eman du erreferendumean. Sant Cugaten bizi da, eta gaur goizean goiz joan da boza ematera. "08:30erako joan naiz hauteslekura, eta 12:00etan eman dute botoa, hautes sistemak ez zuelako egiten. Gero, beste herri batera joan naiz, eta han polizia datorrenerako simulazioa egin dugu". Juaristik esan du bizitzen ari direna "izugarria" dela.
Xabier Arrieta azpeitiarra ere Bartzelonan izan da, Raval auzoko Colegio Collaso i Gil eta INS Miquel Tarradell eskolen inguruetan. Han igaro du gaua Arrietak,. Kataluniarrak "tinko" ikusi ditu: "Gauari eta poliziei aurre egin diote herritarrek botoa emateko aukera izan dezaten. Kantuak, bilerak, taldeen osaketak... denetarik egon da gauean zehar. Gaur 05:00etarako eskoletara bertaratzeko deia egin dute. Arrietak azaldu duenez, goizean goizetik bueltaka ibili dira poliziak ikastetxeetan: "Mossoak hurbildu dira hauteslekuetara polizia datorrela abisatzeko. Eskola barrura sartu da polizia, eta bertan zeudenen aurrean oldartu da. Jendearen indar erakustaldia sekulakoa izan da. Jende askok negarrez, emozionatuta eman du botoa". Bestalde, galdeketaren atzean dagoen antolaketa lana azpimarratu du Arrietak. Eguerdi aldera, Interneteko sareak arazoak eman dituela azaldu du,"Interneteko konexioa itxi baitute". Hori dela eta, jendea bi ordu inguruz euripean zai egon dela nabarmendu du Arrietak, eta ondorioz "adineko jende asko eta asko" boza eman gabe gelditu dela salatu du.
Atzo joan zen Ane Arruti zarauztarra Kataluniara, eta Sabadellen igaro dute gaua. "Hango eskola txiki batean kontzertu bat egin zuten atzo, festa giroan. Afaldu eta zer asmo zuten galdetu genien bertakoei. Jendeak laguntzeko desiratzen zeuden, eta gaur goizeko bostetarako eskolara azaltzeko eskatu ziguten, hautesleku bat jarriko zutelako bertan. Gaur 05:00etarako joan dira lagunak hara, eta ni 08:00etan joan naiz, ume txikiarekin nagoelako. Mahaia osatu arte bertan egon gara, eta ez dugu ezer arrarorik antzeman, ez dugu inolako istilurik ikusi", azaldu du Arrutik. Sabadelletik txaloka agurtu dituztela azaldu du Arrutik, "eskerrak eman dizkigute bertara etortzeagatik eta txaloka agurtu gaituzte, lotsatu eta dena egin gara". Sabadelletik Bartzelonara joan dira autoz ondoren, eta Arrutik esan du bidean jakin dutela Sabadellen tentsio uneak izan direla.
Eguerdirako Bartzelonan zen zarauztarra, Institut Miquel Tarradellen. Bertan botoa emateko ilara luzeak zeudela ikusi dute, eta han gelditu dira. "Inguruko hautesmahaiak itxi dituztela-eta jendeak bertara jo du botoa ematera. Ilara luzea dago hemen, jendetza", azaldu dio HITZARI 14:30 inguruan. "Tentsioa antzematen da poliziaren autoren bat agertzen den orduko, Mossoak momentuz begira daude". Erreferenduma nola antolatu duten ikusita "inbidia" sentitzen duela ere aitortu du Arrutik. "Jendea botoa eman ondoren negarrez ateratzen da kalera, txaloka eta elkar besarkatuz".
Kataluniari babesa agertzeko hainbat egitasmo egin dute gaur goiz eta eguerdi partean Urola Kostan. Izan ere,
Zestoan giza katea egin dute,
Zumaian manifestazioa, Orion festa kataluniarra eta
Getarian elkarretaratzea. Bestalde, gaiari lotuta, Beizaman gaur aurkeztu dituzte azaroaren 5ean
herri galdeketa egiteko behar zituzten sinadurak.
Gaur iluntzerako ere protestak deitu dituzte Euskal Herrian. Deialdi orokorra egin dute
herri guztietan 22:00etan kazerolada egiteko.
Zumaian Kofradiara joateko deia egin du Gure Esku Dagok eta
Orion herriko plazara, eta
Zarautzen kazerolada ibiltaria egingo dute, 22:00etan Musika plazatik abiatuta.
Azkoitian, 20:00etan elkarretaratzea egingo dute plazan
Visca Demokrazia lelopean.
Azpeitian elkarretaratze zaratatsua deitu dute hainbat herritarrek. 19:30ean izango da, plazan.
Hona hemen, herritarrek bidalitako irudien bilduma:
[flickr_set id="72157685742196482"]