V. Urkome Sarien aurkezpena, Merkatu plazan (Aritz Mutiozabal).
Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzeko asmoz, Urkome Sariak aurkeztu zituzten atzo eguerdian Zarauzko Merkatu plazako lehen solairuan. Bi urtetik behin antolatzen du Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hazi Fundazioa, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, eta aurtengoa egingo den bosgarrena da.
Aurreko urteetako dinamika eta funtzionamendu bera izango du: sariak sei ataletan banatuko dituzte, eta lehen bost ataletako irabazle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu; seigarren ataleko sarifuna bozketa bidez erabakiko da, eta eskualdeko produktu sorta bat jasoko du.
Hona hemen atal bakoitza:
- Nekazaritza jardueraren sustapena.
- Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena.
- Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea.
- Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jartzea.
- Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak amankomunean emango dutena.
- Sari Irekia, bozketa bidez emango dena. Azaroaren 6tik 30era eman ahalko dira botoak Urkomeren webgunean.