Atzo arratseko elkarretaratzea, Azpeitian. (Mailo Oiarzabal)
Kataluniako herritarrak botoa ematera deituta daude igandean, urriaren 1ean, berezko estatu independentea ala estatu espainiarrean jarraitzea nahi duten erabakitzeko erreferendumean.
Gertutik ari dira jarraitzen Kataluniako prozesua Euskal Herriko herritar, erakunde eta eragile politiko eta sozial asko ere; erabakitzeko eskubidearen gauzatze ariketagatik, eta Espainiako Gobernua erreferenduma debekatzeko hartzen ari den neurriekin kezkatuta. Interes horren erakusle dira Urola Kostan azken egunetan gauzatu diren egitasmoak, eta datozen egunetan ere hitzordu bat baino gehiago izango da, guztiak ere Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko.
Udalak eta eragileak
Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen eta igandeko erreferendumaren aldeko adierazpenak ugaritu egin dira azken egunotan eskualdean. Azpeitian, aho batez onartu zuen udaleko bozeramaileen batzordeak Kataluniari babesa adierazteko adierazpena joan den irailaren 21ean. Aste honetan, berriz, Azpeitiko Gure Esku Dago, LAB, ELA, EH Bildu, EHNE, Elkar-ekin, Ernai eta Napar Zuzterrak taldea izan dira Kataluniari babesa erakusteko eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko batu direnak; adierazpen bateratua zabaltzearekin bat,
atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten.
Herenegun, Getariako Udalak aho batez onartu zuen Kataluniako prozesuaren aldeko mozioa. Getariarrei esteladak jartzeko ere eskatu diete; gaur goizean izango dituzte eskuragai banderak, udaletxeko bulegoetan. Azkoitian ere asteazkenean egin zuten ohiko bilkura. Han, Kataluniako egoeraren gaineko mozio bana aurkeztu zuten EAJk eta EH Bilduk. Adierazpen bateraturik ez zuten adostu eta Udal Gobernuan dagoen EAJrena onartu zuten; PSE-EEk kontrako boza eman zuen, eta EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren. Orion, adierazpen bateratua plazaratu dute EAJk, EH Bilduk eta Orainek.
Atzo, berriz, Zarauzko eta Zumaiako udal bilkuretan ere mahai gainean izan zuten Kataluniako afera, eta bietan onartu zituzten mozioak. Zarautzen, EAJk, EH Bilduk eta Irabazik bateratutako mozioa onartu zuten, eta Zumaian bat EH Bilduk aurkeztutakoa, EAJren aldeko botoekin.
Manifestazioa Bilbon
Bihar, erreferendum egunaren bezperan, manifestazioa deitu du Gure Esku Dagok Bilbon, Demokrazia, Erabakitzeko askatasuna lelorarekin. Euskal Herriko hainbat eragilek egin du bat deialdiarekin. Manifestazioa 17:30ean hasiko da, La Casillatik, eta eskualdeko herrietan autobusak antolatu dituzte hara joateko, bai herrietako Gure Esku Dago taldeek, bai Aiako, Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako batzokiek.
Zarautzen 16:00etan irtengo da autobusa Eguzki paretik, eta Arranon, Batzokian, Eguzkin, Txiki Politen eta Yubion eman behar da aurrez izena. Orion, Getarian eta Zumaian elkarrekin antolatu dituzte autobusak, baita Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian ere. Getarian gaur da izena emateko azken eguna, Harritarten, eta bihar 16:00etan izango da autobusa. Zumaian 16:10ean izango dute autobusa, Etxezarreta kaletik, eta izena Alkartetxean, Bai Bidea Batzokian, Inpernupen edo Ilargi tabernan eman behar da. Zestoan 15:45ean izango da autobusa, eta Azpeitian 16:00etan, anbulatorioan; izena Orkatzen, Berdien eta Kantoin eman daiteke. Azkoitian 15:30ean jarri dute hitzordua, eta Zakelan, Latzen eta Etxe-Aitzen apuntatu behar da.
Hitzorduak herrietan
Aurreko astean eta honetan herriz herri egin dituzte Katalunia babesteko elkarretaratzeak, eta asteburuan ere izango dira hitzorduak, Gure Esku Dagoren taldeek deituta. Zumaian, gaur, Axier Lopez kazetariak gidatuta solasaldia egingo dute Kofradian, 19:00etan. Kofradian bertan, igandean, festa izango da 12:30etik aurrera, musikarekin, dantzarekin eta mokadutxoa egiteko paradarekin; eta informazio gunea ere jarriko dute bertan, Katalunian gertatzen dena jarraitzeko. Zestoan, berriz, giza katea egingo dute igandean; plazan jarri dute hitzordua, 13:00etan, herritar guztiak gonbidatuta. Getarian, azkenik, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 12:30ean hasita. Eta ordu berean, Orion, Festa Katalani ekingo diote; musika eta Kataluniako jakiak ez dira faltako.
Kataluniara begira
Euskal Herriko Assamblea Nacional Catalanako koordinatzaile
Begotxu Olaizola zarauztarra eta Katalunian bidi den
Monika Juaristi azpeitiarra elkarrizketatu ditu HITZAk, igandekoaren atarian.