Ttitto Aguerre Maitagaina obraren aurrean. (Izaskun Urbieta)
2002. urtean, familiaren etxea zaharberritu zuenean, hasi zen Ttitto Aguerre egurra lantzearekin interesatzen. Behin lan hura bukatuta, handik pare bat urtetara, etxean zituen zura zati batzuk hartu eta garbitzen hasi zen. Hala, lan polita zela ohartu zen. "Aurkikuntza bat egin nuen, emozio bat sentitu nuen, eta nahi edo ez, sentimendu hori errepikatu nahi nuen", azaldu du. Urte batzuetako etenaldia hartu zuen ondoren, eta bitarte horretan, bere ikerketan sakontzeko parada hartu zuen, batez ere marrazkiak eginez. "Hausnarketarako tartea hartu nuen, ideiak bildu eta sakondu nahi nituen. Batez ere, marrazkietan irudikatu nituen nire ideiak", gaineratu du.
Horrela, 2014 eta 2015 urteetan hiru erakusketa ezberdin antolatu zituen Ipar Euskal Herrian, guztien artean jarraikortasun bat bilatuz. Proiektuari
Mugak izena jarri zion, eta, hain zuzen, muga fisikoei eta psikikoei buruz urteetan egindako ikerketaren adierazpen grafikoa izan zen. "Sekuentziatan edo obra sailetan dago antolatuta nire lana. Eta ohartu nintzen, lanean aurrera nindoan heinean, artelan guztiek logika berdin bati jarraitzen ziotela, eta logika hori muga zen", aipatu du. Obra bakoitza hiru edo lau sekuentziatan banatzen du Aguerrek, eta marrekin eta borobilekin sinbolizatzen ditu. Aurrena distantzian daude bi elementuak; gero, gerturatzen doa borobila marraruntz; hurrengo sekuentzian, ia marraren barruan sartuta dago; eta, azkenean, lerro edo mugaren barruan sartzen da.
Materiala ideiari lotuta
"Sekuentziek emozioak adierazten dituzte. Batzuetan emozio horiek distantzian mantentzen dira, eta, beste batzuetan, barruraino sartzen zaizkigu. Beraz, muga non dago? Muga dena da, espazio oso hori da, eta lan guztiek horri erantzuten diote: gero eta barnerago sartu emozioa, gero eta bihotzeraino iritsiko da", azpimarratu du.
Artelanak osatzeko materiala ideiaren arabera aukeratzen du. "Material bakoitzak bere hizkera duelakoan, ideiak eta materialak lotzen joaten naiz, eta ideia bakoitza material batekin lotzen dut", aitortu du. Horrela, materialaren, ideiaren eta formaren arteko koherentzia aurkitzen saiatzen da. "Niretzat estetikoena edo egokiena dena", gaineratu du.
Egurra da gehien erabiltzen duen materiala: haritza, ezkia, irokoa (Afrikako egur bat), platanoa... Baina altzairua, aluminioa, kobrea, alabastroa eta papera ere erabiltzen ditu. Orain, Mugak erakusketaren segida osatzen ari da. "Jendeak gogoeta egitea da nire desioa. Izan ere, egin ditudan hausnarketetan ondorioztatu dut mugarik gehienak gure baitan direla. Hau da, mugarik bortitzenak edo zailenak dira maiz gure buruari jartzen dizkiogunak, eta horiek oso barneratuak dira, gainera", esan du.