Astelehenean zabalduko dute Zumaiako Ludotekako izen-ematea

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 27a

Bihar, osteguna, gurasoei zuzendutako batzarra izango da, Ludotekaren funtzionamenduaren berri izan dezaten. Gainera, interesa dutenak, Ludotekara hurbil daitezke instalazioak ezagutzera, urriaren 9a bitartean.

Zumaiako ludoteka. (Baleike) Zumaiako Ludoteka prest da ikasturte berriari ekiteko, baina martxan hasterako, izen eman behar izaten dute erabiltzaileek. Urriaren 2an, astelehenean, irekiko dute Ludotekako izen-ematea, eta urriaren 9a bitartean egongo da zabalik. Egunero 17:00etatik 19:30era izaten da zabalik Ludoteka, eta ekintza gidatuak, irteerak edota festak egiten dituzte haurrekin. 10-12 urte bitartekoentzat, berriz, programa berezi bat eskaintzen dute, LudoKeta izenekoa. Hori hilabetean bi ostiraletan egiten dute, 19:30etik 20:30era bitartean. Ikasturteko kuota arrunta 48 euro ordaindu behar da eta familia ugarien kasuan, 32,5 euro. LudoKeta (10 eta 12 urteko gaztetxoei zuzendutako zerbitzua) 12 euro ordaindu behar da. Ludotekako kuota ordaintzen duten LH 4-6 (10-12 urte) bitarteko haurrek ez dute LudoKetakoa ordaindu behar. Izena emateko aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: izen-emate orria beteta, ordainagiria, familia ugarien edo DBE-GLL agiria –beharrezkoa den kasutan– eta bi argazki. Gurasoen ate irekiak eta batzarra Izena emateko epeak irauten duen bitartean, gurasoek ateak irekita izango dituzte Ludoteka bisitatu eta bertako instalazioak ezagutzeko, ohiko ordutegian: 17:00etatik 19:30era. Gainera, interesa duten gurasoei zuzenduta, batzarrak deitu dituzte biharko. Aurrena euskaraz egingo dute, 19:00etan hasita. Bigarrena, berriz, 19:30ean izango da, eta gazteleraz eskainiko dute. Bilerara hurbiltzen diren gurasoei izen-emate orriak banatuko zaizkie, nahi izatekotan. Informazio gehiago jasotzeko: Zumaiako Ludotekara deitu (943-14 32 64) edo ludoteka@zumaia.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide