Tarana Karim Zumaian emandako hitzaldiko une batean. (Berdintasuna Zumaia)
Islamofobia deseraikitzen izeneko hitzaldia eman zuen astelehen arratsaldean Tarana Karim aktibistak Alondegiko Oxford aretoan. Hitzaldiaren helburua izan zen, batez ere, islama zer den ezagutaraztea. Azkenaldian Europan gertatutako atentatuen ondoren, eta, batez ere, Bartzelonakoaren ostean, hein handi batean islamofobia areagotu da. Hala, horren aurka borrokatzea da musulman kolektiboaren nahia, eta bereziki, emakume musulmanek jasaten dutena bistaratzea. "Islamofobia genero ikuspegitik lantzea da gure nahia. Izan ere, emakume musulmanek jasaten dute bereziki diskriminazioa, eta okerrago tratatuak daude", esan du Karimek.
Ezjakintasuna da islamofobia errotzearen arrazoietako bat, baina Karimen ustez ez da bakarra. «Ezjakintasun hori ideologia eta hedabide askok aprobetxatu egiten dute areagotzeko. Manipulazio gisa erabiltzen dute, eta medioetan eta sare sozialetan agertzen diren iritzi askok gure egoera okertzen dute», nabarmendu du. Izan ere, sare sozialen erabilpena giltzarria da gai honetan. "Jende askok inpunitatea bilatzeko erabiltzen ditu sare sozialak, eta, horien bitartez, musulmanen kolektiboa osatzen dugunok hainbat iritzi, presio eta ahozko biolentzia jasaten ditugu", azpimarratu du. "Kalean ez ditugu horrelako hainbeste egoera sufritzen, baina egia da Bartzelonako atentatuaren ostean, une gogorrak pasatu zirela kalean ere", jarraitu du.
Kontzeptuak definitzeko orduan arazoak daudela ere nabarmendu du aktibistak. Askorentzat arabiarra izateak musulmana izatea dakarrela esaterako, eta ez da beti horrela izaten. Informazio falta dagoela azpimarratu du, eta oraindik egiteko lan asko dagoela.
Parte hartzea beharrezkoa
"Musulman guztiak ez dira zaku berean sartu behar. Gizarte honek begiak ireki behar ditu, ezberdintasunak daudela onartu eta elkarbizitza egoki bat garatu. Hori da lortu nahi dudana", adierazi du. Horretarako, gizarteko ekintzetan parte hartzea ezinbestekotzat jo du Karimek. "Leku guztietan ikusarazi behar gara iritziak emanez eta parte hartuz. Hurbiltzeko jarrera izan behar dugu, bai alde batetik zein bestetik. Hau da, ez bakarrik diskriminazioa jasotzen duten kolektiboetatik. Beraz, guztion partaidetza da beharrezkoa", azpimarratu du. Finean, gizartearen partaide den edozeinek hartu behar du parte ekimenetan eta parte hartzailea izan. Ildo horretatik, Karimen ustez gizarteak egoera berrira egokitu behar du. "Gizarte hau gero eta anitzagoa da: kultura dela, erlijioa dela edota hizkuntzagatik. Horregatik, aldaketak egin behar dira gizartearen funtzionamenduan".
Udaberritik gaia lantzen
SOS Arrazakeria udaberrian hasi zen islamofobia genero ikuspegitik lantzen hainbat tailerren bidez, eta erantzunarekin gustura daude. "Gipuzkoako bost herritan egin genituen tailerrak. Jatorri ezberdineko emakume musulmanekin egon ginen, eta, batez ere, informatzeko eta islamofobia identifikatzeko eta salatzeko tresnak eman genizkien", gogoratu du. Urrian gaia lantzen jarraituko dute, baina unibertsitatean. Urriaren 6an eta 7an jardunaldiak egingo dituzte EHUren Psikologia fakultatean. Batik bat erakundeetan islamofobia nola bizi duten aztertuko dute. "Estatu mailako hizlariak izango dira. Urriaren 7an, mahai ingurua izango dugu feminismoari buruz, eta medioetan agertzen den islamofobiari buruzko diskurtsoaz. Horrez gain, tailerrak eta formakuntza saioak ematen jarraituko dugu".