Ibane Astigarraga: "Mexiko oso batuta dago"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko irailaren 26a

Ibane Astigarraga unibertsitateko ikasketekin jarraitzera joan da Mexikora. Pasa den asteko lurrikarak bete-betean harrapatu du Mexikoko Hirian.

Ibane Astigarraga, Mexiko Hirian. (Ibane Astigarraga) Irailaren 19an, eguerdiko ordubatak aldera, lurrikara bortitz batek astindu zuen Mexiko Hiria. Egun horretan gainera, duela 32 urte gertatu zen beste lurrikara erraldoi baten urteurrena gogoratzen ari ziren. "1985eko lurrikararen omenezko itxura bat egin genuen unibertsitatean. Ikasle bakoitza kokatuta zegoen eraikinetik kanpora irten zen. Gauza oso lasaia eta ordenatua izan zen", aipatu du Ibane Astigarraga zumaiarrak. Klaseak amaitu eta metroa hartzera joan zen gero. Hantxe harrapatu zuen lurrikarak. "Txartela eskuetan nuela harrapatu ninduen lur mugimenduak, baina tren geltokian sartu aurretik sumatu nuen, eta bertan geunden denak atera ginen". Lurrazaletik entzun zuen lurrikararen soinua eta sentitu dardara. "Beldurra pasatu nuen, eta jende guztiaren aurpegian ere beldurra sumatzen zen", jarraitu du zumaiar ikasleak. Etxera iristeko ez zuen lan samurra izan Astigarragak. Kaosa zen nagusi eta hiri guztia elektrizitate gabe gelditu zen. Ez metrorik, ez semafororik... "Trafikoa zuzentzen kaleko saltzaileak jarri ziren, eta eskerrak! Azkeneko unean metroko linea bat martxan jarriko zutela esan zuten, eta justu nire etxe inguruan dago linea horretako geltoki bat. Normalean ordubetean egiten dudan bidaia, egun hartan hirutan egin nuen", kontatu du. Erreskate lanak Astigarraga beste hiru lagunekin bizi da Mexiko Hirian. Guztiak etxean elkartu zirenean boluntario talde batekin elkartu eta erreskate lanetan laguntzera joan ziren gau hartan bertan. "Kaltetutako guneetara botikak, janaria eta beste baliabide batzuk azkarrago iristeko asmoarekin, giza katetan hartu genuen parte", kontatu du. Gune horietara polizien eta bertako pertsonen autoetan joan ziren. "Esperientzia bezala oso aberasgarria izan da, baina gogorra era berean", adierazi du. Hondamendiaren aurrean Mexiko osoa batuta dagoela nabarmendu du Astigarragak. "Estatuko baliabide asko ez dira gune guztietara iristen, eta, beraz, boluntarioen lana oso garrantzitsua da. Gainera esan digutenez, baliabide ia denak Mexiko Hirian zentratu dira eta kaltetuak dauden herri askotara ez dira laguntzak iritsi".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide