Amaitu da TAOaren lehen aldia

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 22a, 10:12

Irailaren 15az geroztik erdiguneko egoiliar zein TAO guneak ez daude indarrean. Salbuespenak daude: Ardantzabide eta errotazio altuko A eta C guneak

Ardantzabiden aparkatzeko zona 1eko edo 2ko egoiliarren txartela izan beharko da. (Izaskun Urbieta) Ekainaren 15etik irailaren 15a arte egon da lehen aldiz martxan TAO sistema Zumaian. Ordainpeko aparkaleku sistema eredua ezartzen kostaldeko azken herria izan da, eta orain, hausnarketa eta balorazioa egiteko momentua iritsi da. Datorren urteari begira, eta sistema hobetzen jarraitze aldera, dagoeneko hasia da udala esperientziaren inguruko azterketa eta diagnosi sakona egiten. Baina, ezinbestekoa da ere herritarren iritziak, esperientziak eta ekarpenak jaso eta ezagutzea, hurrengo urteko sistemari begira. Udala dagoeneko hiru aldiz bildu da herriko ostalari eta merkatariekin, eta datozen hilabeteotan zumaiarrekin bilera irekiak egingo ditu. Halaber, edozein ekarpen egiteko mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikoa zabalik dago. Bide batez, herritarren parte hartzea sustatu nahi du udalak: "Herritarren ekarpen eta laguntzarekin antolamendu berria osatuko dugu, datorren urteari begira aurtengo akatsak errepika ez daitezen eta sistema berriak herritarren beharrei erantzuteko". Urte osoko salbuespenak TAO sistema aurkeztu zenean azaldu moduan, urte osoan zehar araututa egongo diren zenbait gune izango dira. Horietako bat, hain zuzen, Ardantzabide izango da. Hala, auzo horretako egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1eko edo 2ko egoiliarren txartela izatea. Horrenbestez, 3 eta 4ko egoiliar txarteldunek, eta gainerako herritar zein kanpotarrek, ezingo dute Ardantzabide auzoko egoiliarren gunean aparkatu. Bestalde, errotazio altuko A eta C guneak izango dira salbuespen egoera mantenduko dutenak. Errotazio altuko A gunean (Moilaberriko zubitik Pulpo elkarte parera arte), esaterako, aparkatzeko ezinbestekoa izango da tiketa makinan inprimatzea eta ordu mugak 90 minutukoa izaten jarraituko du. Ibilgailua Zumaian erroldatuta duten biztanleek, orain arte bezala, doan aparkatu ahal izango dute bertan, betiere, txartela inprimatuta. Errotazio altuko C guneak (udaletxearen parean dagoena), udaltzainek kontrolatutako gunea izaten jarraituko du, ez da tiketik inprimatu beharko eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da. Bi gune horietan larunbat arratsaldetan eta igande zein jaiegunetan ez da erregulatuta egongo aparkalekua. EH Bilduren iritzia Aparkaleku sistema berria aho batez onartu zen uda aurretik egin zen udalbatzarrean, eta akordio hartan sinatu bezala, balorazioa egiteko unea iritsi da. EH Bilduk, bere aldetik, hurrengo urteari begira dagoeneko proposamen zehatz batzuk ezagutarazi ditu. Alde batetik, egoiliarren plazak herrigune osora zabaltzea Proposatu dute. "Ez zaigu ondo iruditzen poligonoko herritarrak gainontzekoen trataera bera ez izatea, eta banaketa horrek egun askotan aparkatzeko arazoa poligonora eraman du", aipatu dute. Bestetik, errotazio altuko A guneaz proposatu du. Koaliziokoen iritziz ordu eta erdiko egonaldi mugatuko gune horrek doakoa izan behar du. "Hori ordaintzeak ez du logikarik, gehienezko egonaldia ordu eta erdikoa izatea bera nahikoa baita errotazioa bermatzeko". Azkenik, inguruko herrietan ezartzen diren isunen kopuruetara egokitzea eskatzen dute. "Ezarri diren isunak garestiegiak iruditzen zaizkigu, beraz, egokitzea eskatzen dugu", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide