Garun paralisia lehen pertsonan kontatuta

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko irailaren 21a

Gipuzkoako Diputazioak Goteo plataformarekin batera martxan jarri duen #Metakultura kanpainari esker, Telmo Iruretak bere bizitza kontatzen duen pelikula errealitate bihurtzeko aukera du.

Urriaren 20tik aurrera De agua y arena filmeko grabaketekin hasiko dira berriro. (Izaskun Urbieta) De agua y arena izenburua jarri dio Iruretak bere bizitzari buruzko film luzeari. Kameraren aurrean biluztu egin da aktore eta zuzendari zumaiarra. "Nire gauza intimoak kontatzea, sentimenduak eta pentsamenduak adieraztea... Askotan lotsa ematen duten kontuak dira, baina niri kontatzea gustatzen zait", aitortu du irribarretsu. Pelikula honen bidez publikoarengana iristea da bere nahia, ikus-entzuleak identifikatuak sentitzea. "Nirekin identifikatzeko ez duzu zertan ezgaitasun bat izan behar. Gizakiak gara, azkenean, guztiok ditugu antzeko beldurrak eta arazoak", adierazi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goteo plataformaren bidez, kultur proiektuak gauzatzeko diru laguntza bat jarri du martxan. Programa horretan hogei proiektu aukeratu dituzte, eta horietako bat Iruretarena izan da. Momentu honetan proiektu guztiak finantzaketa kolektibo kanpaina batean daude murgilduta. "Irailaren 14an hasi genuen kanpaina, eta lau egunetan gutxieneko diru kantitatera iritsi gara. Oso pozik gaude", adierazi du. "Hala ere, diru ekarpen bat egin nahi duenarentzat, hau da helbidea: goteo.cc/aguayarena", zehaztu du. Bi ikuspuntu Pelikularen gai nagusia garun paralisia duen pertsona baten bizitza da. Bi zati nagusi ditu filmak. Aurrenekoa, Iruretaren amak idatzitako gutun batean oinarritzen da. "Gaixotu nintzen egunak kontatzen ditu era eder batean, eta testua irakurri ondoren, horri jarraitzea pentsatu genuen", kontatu du Iruretak. Lehen zati horretan, Teresa Calo aktoreak parte hartzen du. Iruretaren amaren gutuna bilatzen du, eta antzerki bat egiteko gai egokia iruditzen zaio. Hala, gutuneko kontakizunak Caloren entsegu bat irudikatzen du. Bigarrengo zatian egungo Telmo Irureta azaltzen da. "Nire egungo bizitza nolakoa den kontatzen dut. Kontraste bat dago amaren ikuspuntua azaltzen den zatiaren eta nirearen artean. Amaren testua goxoa da, baina era berean tristea, eta gaur egungo Telmo alaia da, dibertigarria… Umore beltza eta ironia erabiltzen ditut. Asko gustatzen zait horiekin jolastea", nabarmendu du. Pelikularen tonua beraz, ez da ez tristea ezta alaia ere. "Bizitza bera da, edozein pertsonaren bizitza, eta badu tristetik eta alaitasunetik. Badakit publikoak negar eta barre egingo duela. Sentimendu askotatik igaroko da jendea. Hausnarketarako tartea ere bilatzen dut pelikula honekin". Zuzendari lanak Maitena Illarramendiren, Cesare Maglioniren eta Iruretaren artean egin dituzte. "Aspaldi hasi ginen proiektuarekin Maitena eta biok. Lehenengo irudiak 2013koak dira, baina ordutik blokeatuta ere egon gara. Cesareren laguntza oso ongi etorri zaigu, eta pelikularen gidoia birmoldatzeko aukera izan dugu berarekin". Hain zuzen, duela bizpahiru urte Artadin grabatutako irudi batzuk ekarri ditu gogora Iruretak. Figurazio lanak egiteko deialdia egin zuen eta jende pila bat agertu zen, gehiegi. "Asko eskertzen diet animatu izana eta barkamena ere eskatu nahi diet, izan ere pila bat askori ezezkoa eman behar izan genien", gogoratu du. "Gainera, ez dakigu orduko irudi haiek balioko diguten, izan ere, grabatutako irudien dezenteko garbiketa egin dugu". Estreinaldia datorren urtean izango da, baina oraindik ez dakite noiz eta non izango den. Grabaketak amaitu gabe dituzte, urriaren 20an hasiko dira berriro lan horretan. "Musika badaukagu, eta alde horretatik ere pozik gaude. Hauts magikoak izena du abestiak, eta nik idatzitako letra da. Musika Mikel Sugunzak egin du Olatz Prat abeslariarekin batera, eta Diego Martinezen tronboi hotsaz gozatzeko aukera ere izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide