ARGAZKI BILDUMA: Urola Kostatik babes keinuak Kataluniara

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 20a

Kataluniako prozesu subiranistari babesa emateko nahiz azken egunetan Espainiako Gobernuak erreferendumaren aurrean izan duen jarrera eta gaurko atxiloketak eta mihaketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean Urola Kostako hainbat herritan. Azpeitian eta Azkoitian 19:00etan egin dituzte elkarretaratzeak, EH Bildu koalizioak deituta, eta hainbat herritarrek egin du bat deialdiekin. Azpeitian, esaterako, bi hautetsontzi jarri dituzte Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat irakur zitekeen pankartaren aurrean, eta herritarrek esteladak ere eraman dituzte plazara. Kontzentrazioa bukatzerako, gainera, boto-paperak erakutsiz argazkia atera dute plazan bildutakoek. Azkoitian ere herritar ugari elkartu da plazan, esteladak eskuetan. Zarautzen Gure Esku Dagok deitu du kontzentrazioa, 19:30ean, Lege Zaharraren enparantzan, eta dozenaka lagun elkartu dira bertan. Gainera, deialdiarekin bat egin dute Zarauzko EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek. Bertaratuetako zenbait herritarrek erreferendumeko boto-paperak izan dituzte eskuetan, baita esteladak ere. Amaieran, Els Segadors Kataluniako ereserkia abestu dute. Zarauzko argazki bilduma honako lotura honetan ikus daiteke. Zumaian, berriz, Magnolioaren aurrean biltzeko deialdi bateratua egin dute Gure Esku Dagok, ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta EAJk zein EH Bilduk, 20:00etarako, Demokrazia. Herritarrok dugu hitza lelopean. Han ere dozenaka herritar elkartu da, eskuetan boto-paperak eta larrosak zituztela. Elkarretaratzeari amaiera emateko L'estacaren euskarazko bertsioa abestu dute. Honako bideo honetan ikus dezakezue L'estaca kantatu duten unea: https://www.youtube.com/watch?v=4PjsJdchsBE Bestalde, Getarian biharko (osteguna) deitu du Gure Esko Dagok elkarretaratzea. 19:00etan izango da, herriko plazan. EH Bilduk bat egin du deialdiarekin. Zestoan, berriz, ostiralean, 20:00etan, egingo dute kontzentrazioa plazan, EH Bilduk deituta.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide