Xabier Zulaika. (Izaskun Urbieta)
Aski ezaguna da arraun munduan Xabier Zulaika (Deba, 1969) arraunlaria. Ez ditu alferrik egin 30 urte tostartean. Orain, baina, beste ikuspuntu batetik jarraituko du arrauna: Zumaiako Telmo Deunen entrenatzaile postutik.
Urdaibairekin seigarren liga irabazi berri duzu.
Igandean oso gustura amaitu genuen. Liga lortzeaz gain, denboraldia beste bandera batekin amaitu genuen, eta oso pozik nago. Azkenean, urte hau nahiko gogorra izan da niretzat. Adinean gora noa, eta pixkanaka arrauna uzteko garaia heltzen ari dela sumatzen nuen. Ikusten nuen nire eginkizuna Urdaibain amaitzen ari zela, eta entrenatzaile izateko aukera etorri zait. Oso pozik nago eta ilusio handiarekin eta lan egiteko gogoz nator Zumaiara.
48 urte dituzu. Adina mugarria izan da Urdaibai uzteko?
Adinak beti pisatzen du, nahi edo ez. Ikusten duzu poliki-poliki ez dutela zurekin hainbeste kontatzen, eta titular den edozein kirolariri gertatzen zaion moduan, kostatu egiten da egoera hori onartzea. Ez dut esango denboraldi honetan sufritzen egon naizenik, baina pixkanaka lekuz kanpo bezala sentitzen hasten zara. Azkenean, Urdaibai uzteko erabakia ere hortik etorri da pixka bat.
Entrenatzaile izateko aukera nola sortu zaizu?
Zumaiarekin lehenengo harremana duela hiruzpalau urte izan nuen. Klubetik deitu zidaten eta entrenatzaile postua eskaini zidaten. Baina orduan ez nuen nire burua entrenatzaile bezala ikusten edo behintzat ez nuen buruan hori. Nire gorputzak oraindik arraunlari izateko eta estropada gehiago irabazteko gogoarekin zegoela esaten zidan. Ongi sentitzen nintzen, eta Urdaibain jarraitzeko gogoz.
Aurten berriro egin dizue entrenatzaile izateko eskaintza.
Hala da, eta orain bai, nire burua kapaz ikusten dut entrenatzaile jarduteko. Gogotsu nator, eta, gainera, klubak jarri didan erronka gustatzen zait. Erronka hori harrobia lantzea da. Betidanik gustatu izan zait gazte jendearekin lan egitea, eta, gainera, gazteen artean ongi moldatu naiz. Horrez gain, asko gustatzen zait jendeari irakastea eta hori dut buruan: nire ibilbidean hartu ditudan esperientzia eta izan ditudan ilusio guztiak gazteei transmititzea. Hori da Zumaian lortu nahi dudana.
Palmares handiko arraunlaria zara. Ligez gain, Kontxako bost bandera dituzu.
Bai, baina talde txikietan hasitakoa naiz. 18 urterekin Zarautzen hasi nintzen, hori izan zen nire lehendabiziko taldea. Gero, etorri nintzen Zumaiara eta egia da arraunlari moduan hemen osatu naizela. 90ean etorri eta lau bat urtez egon nintzen Zumaian. Gero, talde askotan gertatzen den moduan, jendea uzten joaten da. Hori dela eta, anaia eta biok Ondarroara joan ginen.
Hain berezia da Kontxako bandera irabaztea?
Bai. Arrauna asko gustatzen zait, baina hainbeste urtean jarraitzeko arrazoi bat Kontxa irabazteko grin hori izan da. Bermeora 32 urterekin joan nintzen, eta hasierako urteetan bi-hiru liga irabazi nituen, baina Kontxako banderarik ez. Pentsatzen nuen, ‘Ez dut gainera inoiz aterako Kontxarik!’. Azkenean, lehenengoa 41 urterekin irabazi nuen, 2010ean. Ondoren, hurrengo laurak jarrai xamar irabazi genituen. Kirola horrelakoa da. Jarraipenak eta urteetako lanak sariak ematen ditu.
2006an izan zen Zumaia azkeneko aldiz Kontxan, eta zu bertan zinen. Nola gogoratzen duzu?
Oroitzapen asko ditut, emozio asko bizi izan genuen. Kontxan sartzea zerbait handia izan zen. Arraunlari batzuk fitxatuta etorri ginen, eta herriko gazteekin batuta osatu genuen trainerua denboraldi hartan. Talde hura sailkatzea ederra izan zen.
Zumaiakoa lehenengo esperientzia izango da entrenatzaile moduan. Zein ideiarekin zatoz?
Helburu orokorra mailari eustea izango da. Baina nire nahia arraunlariei ideia batzuk transmititzea izango da. Batez ere, proiektu hau epe motzeko zerbait ez dela izango argituko diet. Lana izango da gure oinarria eta bidea.
Nola aurkitzen da taldea?
Oraindik ez naiz arraunlariekin elkartu, baina lehenengo taldeko sei bat pertsonek utziko dutela aipatu didate. Lehenengo eginkizuna zeintzuk jarraituko duten jakitea eta beraiek ezagutzea izango da. Horrela, informazioa bildu eta lehenengo pausoak ematen hasiko gara. Astelehenenean dut hitzordua zuzen-
daritzarekin, eta ea arraunlariak ere ezagutzeko aukera dudan.
Zurekin batera norbait etorriko al da?
Momentuz ez. Oraingoz bakarrik nator, lehendabizi Zumaian zer dagoen ikusi nahi dut. Gainera, aurrez Zumaian ibili diren arraunlariei deitzeko asmoa ere badut. Laguntzailerik ere ez dut ekarriko. Bertakoekin egin nahi dut lan; azkenean, horiek dira hobekien ezagutzen dituztenak arraunlariak eta taldea.
Arraunlari izateari utziko diozu?
Ni entrenatzen hasiko naiz, baina arraunean egiten badut ez da aurrekalari bezala izango. Ni ez nator hona inori tokia kentzera, eta inoiz estropadaren batean arraunlari ateratzen banaiz, laguntzeko izango da. Azkenean, trainerua nola doan bertan ikusten da hobekien, edo ni horretara ohitua nago. Aurten seguru estropadaren batean aterako naiz!
Zer ikasi duzu izandako entrenatzaileengandik?
Entrenatzaile bakoitzak bere metodologia erabiltzen du, eta bakoitzak lan egiteko modu bat du. Hori bai, denekin gauza bera ikasi dut, eta guztientzat oinarria berdina izan da: lana eta lana. Horrez gain, entrenatzailearen eginkizuna taldea osatzen duten arraunlarien laguna izatea da.