Maila guztietako korrikalariak mimatu nahi ditu Euskal Kosta probak

Gorka Zabaleta 2017ko ira. 15a, 14:21

Irailaren 30ean jokatuko da lehen aldiz Euskal Kosta lasterketa, Zumaia eta Zarautz artean. Kirolari eta bisitarientzat kalitatezko proba izatea nahi dute

Euskal Kosta lasterketaren ezaugarri teknikoak azaldu zituzten atzo. (Gorka Zabaleta) Irailaren 30ean Zumaia eta Zarautz artean jokatuko den maratoi erdiaren inguruko datu gehiago jakinarazi dituzte antolatzaileek. Zakila Bira lasterketa ordezkatzera datorren proba berri hau kostaldeko errepidean jokatuko da, Zumaia, Getaria eta Zarautz artean, eta txandaka antolatuko dute. Aurtengoa, lehen aldia, Zumaian hasi eta amaituko da, Zarautzeraino joan-etorria eginda. Datorren urtekoa Zarautzek antolatuko du, eta 2019koa Getariak. Duela aste batzuk egindako lehen aurkezpenean azaldutako kontuak horiek. Atzoko agerraldian lasterketari dagozkion azalpen gehiago eman zituzten. Sariei dagokienez, maila nagusiko bi irabazleeek mila euro jasoko dituzte, txapelaz eta Keixetak egindako garaikurraz gain. Sari bereziak ere izango dira bailarako eta herrietako onenentzat. Lasterketaren ibilbideari dagokionez, Beheko plazan egongo dira irteera eta helmuga. Etxezarreta kaletik eta gero Zubiaunditik aterako dira Getariarantz. Getarian oraindik erabaki gabe dago portutik sartuko diren edo ez. Horren arabera, Zarautzen buelta luzeagoa edo motzagoa egingo dute korrikalariek, maratoi erdiaren distantzia betetzeko. Zumaiara bueltan, Gernikako parketik sartuko dira bidegorritik Arranplaraino, gero Erriberara sartu eta handik helmugara. Lasterketako antolatzaileek maila guztietako korrikalariak "mimatu" nahi dituztela azpimarratu dute. Maila gorenekoentzat sari bikainak egongo dira, baina herrikoiekin ez dira ahaztu. Haientzat opari ederrekin osatutako poltsa bat prestatu dute. Eta korrikalariekin datozen senide eta lagunak ere aintzat hartu nahi izan dituzte. Horretarako, lasterketaz gain, beste ekintza batzuekin jantzi nahi izan dute eguna. Eguerdian estropada egongo da Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko gazte mailako trainerillekin. Estropada berezia izango da, esprint moduan jokatuko baita, Moilaberriko zubitik kirol portu parera, joan eta etorri. Hegaluzea parrillan jateko aukera ere izango da eguerdi partean. Eta arratsaldean, korrikalariak bueltatzen diren bitartean, txarangak alaituko ditu herriko kaleak. Segurtasuna bermatzeko neurriak ere hartu dituzte: ehun boluntario, hiru anbulantzia, motoak eta txirrindulariak lasterkariei laguntzeko, eta furgonetak erretiratuak jasotzeko. Anoa puntuak egongo dira Getarian, Zarautzen eta Zumaiako helmugan. Izena kirolprobak.com webean eman daiteke. Kirol egokituarentzat ere ateak zabalik daudela jakinarazi dute antolatzaileek. Zakila Bira gainbeheran Lasterketa berria nola sortu den azaldu zuen Gotzon Enbil Zumaiako kirol zinegotziak: "Teknikoek esan ziguten Zakila Bira gainbeheran zihoala azken urteetan eta zerbait egin beharra zegoela. Beraiek aztertuta zeukaten lasterketa kostatik egiteko aukera, zumaiarrentzat korrika egiteko gustuko lekua delako; baina antolaketa arazoak ikusten zituzten, hiru herri inplikatzen zituelako. Arazo horiek Udal Elkartean gaindituta, lasterketa berria denon artean eta txandaka antolatzea erabaki da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide