Olagarro brotxetak eta, zenbait kasutan, zopa emango dute txosnetan. (Juan Luis Romatet)
Etzi Olarro Eguna izango da Zumaian. Olagarroa protagonista duen jaiarekin bukatuko dira herriko udako jaiak, eta eguraldiak laguntzen badu, festa giroak hartuko ditu Zumaiako kaleak eta plazak.
Brotxetatan, zopan, paellan, patatekin... olagarroa dastatzeko aukera ugari izango da larunbatean Zumaian. Guztira, egositako 750 kilo olagarro izango dira brotxetetan prestatzeko, beste ehun kilo olagarro fresko herri bazkariko patatetarako eta paellarako erabiko dira eta, azkenik, 6,5 kilo olagarro lehor zoparako.
Askok gogoan izango duten bezala, iazko Olarro Egunean arazoak izan ziren brotxetetarako erabilitako olagarroarekin. Aurten, Zumaiako Turismo Saila buru dela, antolatzaileak Osakidetzarekin harremanetan jarri dira iazkoa ez gertatzeko. «Osasun sailetik emandako gomendio denak jarraituko ditugu. Aurtengora arte, eta ostiralean sukaldaritza ikastaroa zegoelako, brotxetak bi egunetan egiten ziren, asteazkenean eta ostegunean. Aurten, ikastaroa larunbat goizean egingo da, eta brotxetak egun bakarrean prestatuko dira, ostiralean, Herri Eskolako frontoian, 16:00etatik aurrera. Hala, hotz-katea mantentzen saiatuko gara. Txosnetan egongo diren elkarteetako kideek ere nahiago zuten egun bakarrean egitea, nahiz eta ordu gehiago sartu beharko diren», azaldu du Esti Irureta Zumaiako turismo teknikariak. Elkarteko bakoitzetik hogei lagun eskatu dira erroak mozteko eta brotxetak prestatzeko.
Brotxeta horiek herriko zenbait tokitan kokatuko diren txosnetan salduko dituzte. Txosnetan herriko zenbait elkartetako kideak egongo dira. Iaz baino txosna bat gutxiago izango da aurten: Arranplan ez dute jarriko. "Urteekin txosna kopurua handitu egin da, eta eguraldi txarra egiten zuenean, Arranplakora jende gutxi joaten zen. Hori ikusita, hori kentzeko erabakia hartu dugu", esan du Iruretak.
Gernika parkean bi txosna jarriko dituzte: Motxanekua zaldi taldeak eta Errefuxiatuen taldeak eramango dituzte. Goizez bakarrik egingo dute lan, eta brotxetak salduko dituzte. Beheko plazan txosna bakarra izango da: Goizez Jakintza taldekoak egongo dira, eta arratsaldez, San Pedro abesbatzakoak. Horiek ere brotxetak salduko dituzte. Beste lau txosnak goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik: goizean zopa emango dute eta arratsaldean brotxetak. Zuloaga plazan Darahli egongo da, Erriberan Pilota Elkartea, Saregile plazan arraunlari beteranoak eta Amaiako plazan Lurdesko ospitalidadekoak.
Aurten egitarautik kendu duten ekitaldi bat larunbat goizeko sukaldaritza lehiaketa da. "Parte hartze eskasa zuen. Hasieran olagarro-patatekin hasi ginen; gero, olagarroa oinarri zuen gastronomia probatu genuen eta iaz patatetara itzuli ginen. Hala ere, parte hartze txikia zuen. Ikusita ostiral arratsaldeko sukaldaritza ikastaroak arrakasta zuela, lehiaketa kendu eta hura larunbatera pasatzea erabaki dugu".
Hona hemen egitaraua:
09:00. Diana, txistulariekin.
Goiz partean, XIII. Argazki Rallya. Izen-ematea Turismo Bulegoan 09:00etatik 10:00etara.
10:30-14:30. Elikagaien Azoka, Erribera kalean.
11:00-13:00. Olagarroarekin egindako sukaldaritza ikastaroa, Eusebio Gurrutxaga plazan.
11:00. Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta, Arranpla plazan.
Goiz partean, Olagarro-zopa eta brotxetak, txosnetan.
11:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz. Erreserbak geoparkea.com webgunean.
11:00-13:00. 6-12 urte bitarteko haurrentzako tailerrak, doan, Algorri Interpretazio Zentroan.
11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Ateak zabalik Kofradian, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
11:15. Hamaiketakoa, Pulpo elkartean, olagarro harrapatzaile izandakoentzat.
12:00. Beheko Plaza eta Pola de Sieroko abesbatzen saioak.
12:00. Kuadrillen arteko batel estropada, Olarro Eguneko XI. Bandera. Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
12:30. Flyscheko olagarroa bisita gidatua gaztelaniaz. Erreserbak geoparkea.com webgunean.
13:30. Maddalen eta Jagoba trikitilariekin kalejira.
14:30. Herri bazkaria, Eusebio Gurrutxaga plazan.
Arratsaldez, Olagarro brotxetak txosnetan.
18:00. Zumai txaranga kaleetan.
22:00. DJ Goiko eta DJ Uranga, Eusebio Gurrutxaga plazan.