Ana Carlota Dominguez: "Haurra hilda dagoenik inork ezin izan du ziurtatu"

Baleike.Eus 2017ko ira. 9a, 17:25

Gurasoei 1963an Donostiako Arantzazuko Ama erietxean lapurtutako haurraren kasua argitu nahian dabil Ana Carlota Dominguez zumaiarra. Epailea kasua ikertzen ari da, eta ostegunean zenbait lekuko deitu zituen deklaratzera: gurasoak alde batetik, eta erditzen lagundu zuen emagina bestetik. Emaginaren kontraesanak eta azalpen falta azpimarratu ditu Dominguezek.

Ostegunean Donostiako epaitegien aurrean bildu ziren haur lapurtuen elkarteko hainbat lagun. Coriako (Extremadura, Espainia) epaitegietatik deklaratu zuten Ana Carlotaren guraso Jose Dominguez eta Juana Perezek, bideokonferentziaz. Urtetan isilpean gorde dute mina baina, alabaren borrokak bultzatuta, 1963ko otsailaren 27tik martxoaren 2ra erietxean gertatu zitzaiena argi eta garbi kontatu zioten epaileari. Emaztea haurraz erditzeko zegoela eta, Donostiako ospitalera joan ziren Jose eta Juana. Iritsi orduko medikuek Joseri: "aukeratu, ama edo haurra". Zur eta lur gelditu zen Jose, ez zuen ulertzen, emaztea, ustez, osasuntsu zegoelako. Ama gaztea zela, ume gehiago edukitzeko aukera izango zutela... saiatu ziren gizona konbentzitzen. Zer aukera zuen Josek? Emaztea salbatzeko eskatu zuen, baina inongo agiririk ez omen zuen sinatu. Eraman zuten emaztea, baina ez erditzeko zain daudenen ohiko gela batera. Aparte zegoen gela batean sartu zuten, gela iluna, pertsiana beti jaitsita eta argia itzalita. Oheaz aparte, traste asko eta arraska bat omen zeuden gela hartan. Lau egunez eduki zuten han, lau egun zain, erdi lokartuta. Laugarren egunean, haurraz erditzera eraman zuten. Juana ez da ezertaz gogoratzen, lokartuta eduki zutelako. Joseri esan zioten haurra hilda jaio zela. Berak, ikusi nahi zuela. Medikuek ezetz, beraiek arduratuko zirela guztiaz, beraiek emango ziotela lur ospitalak zeukan hilerrian. Josek insistitu zuen, hilerriaren bila ibili zen, baina ez zuen ezer aurkitu. Ez zuen haurra ikusi.. Haurrik gabe eta erantzun gabeko mila galderekin, hondoa jota bueltatu ziren etxera. Soinekodun emakumea Ama Juana oso gauza gutxitaz oroitzen da, botikekin lokartuta eduki zutelako ia denbora guztian. Gogoan du, hala ere, ahizpa Juana Maria izena zuela artatu zutenen artean zegoen mojak. Ondo gogoan du, izen berbera dutelako. Eta, horrez gain, fuksia edo gorri koloreko soinekodun emakume baten irudia dauka oroimenean iltzatuta. Haurraz erditu ondoren, gela arrunt batera eraman zuten Juana. Erdi lokartuta zegoen arren, tarteka zeuzkan piztualdietako batean, emakume hura ikusi zuen aldameneko ohean. Emaginaren zalantzak Ana Carlotaren gurasoek deklaratu ondoren, haurraz erditzean parte hartu zuen emaginaren txanda izan zen, Donostiako epaitegietan. Urte hauetan Ana Carlotak lortu ahal izan dituen dokumentuen artean badaude kontraesan nabarmenak. Esate baterako, dokumentu baten izkina batean gurutze bat ageri da. Horren esanahiaz galdetu zion epaileak emaginari. Haurrak hilda jaiotzen zirenean jartzen zutela ikurra, erantzun zuen emaginak. Hurrengo galdera: orduan, paperetan zergatik jartzen du haurrari tenperatura neurtu zitzaiola goizean eta arratsaldean? Zergatik ageri da tantoak bota zitzaizkiola begietan? Erantzuna: bada, orduan, haurra bizirik egongo zela... Haurra hiltzat ematen den dokumentuan oinarrizko datu guztiak falta dira, ezin da ziurtatu Jose eta Juanaren haurrarena denik. Horrentzat ere ez zuen esplikaziorik izan emaginak, datu horiek betetzearen ardura ez omen zen berea. Osteguneko deklarazioen ondoren, ikerketak aurrera egitea da Ana Carlota Dominguezen borondatea. "Lekuko gehiago deituko ditugu. Orain arte, haurra hilda dagoenik ezin izan du inork ziurtatu. Ez gara geldituko eta ea noraino iristen garen". Haurra bizirik balego? Agiri eta informazio faltagatik gelditu dira ezerezean haur lapurtuen auzi gehienak. Erakundeen erantzuna askotan etsigarria izan da senideentzat: garai haietan gauzak ez zirela orain bezala dokumentatzen; agiriak desagertu egin zirela leku-aldatze batean, edo uholde batek suntsitu zituela... "Gezurra da, ordea. 1953tik dago lege bat Espainian, ospitalak dena erregistratzera behartzen dituena, baita erditze bakoitzean erabili den materiala ere. Lehen ere dena dokumentatzen zen, ez zeuden sinestarazi nahi izan diguten bezain atzeratuta", dio Ana Carlotak. Eta agiriak egon, ba omen daude. Berak lortu ditu. "Hasieran erantzuna beti da dokumenturik ez dagoela. Baina handik edo hemendik, azkenean egia agertzen da zirrikituren batetik, norbaitek egindako hanka sartze bat medio, edo norbaitek lagunduta...". Esate baterako, bere ama ospitalean egon zen egunetan jaiotako haurren zerrenda lortu du. "Hasieran, word-en berridatzitako artxibo bat bidali ziguten. Baina horrek ez zigun balio, guk originala nahi genuen. Eta lortu genuen, asko kostata. Dokumentu horietan informazio asko dago. Ez dira haur gehiegi. Hari horietatik tira daiteke, kontrastatu egun haietan epaitegian erregistratutako haurrekin, eta gauzak asko argituko lirateke". Baina ikerketa hori oraindik ez dela egin kexatzen da. "Neu nabil sei urtez borrokatzen, gauza asko lortu ditut, baina lan hau egitea beste batzuei dagokie". Oraindik gauza asko daude argitzeko auzi honetan, baina Ana Carlotak ez du baztertzen haurra bizirik egotea. "Zerrenda horiekin lan eginez gero, hautagai posibleak mugatuz gero, posible litzateke DNA probak egitea. Baina horra iristeko oraindik pausoak falta dira". Bitartean, lasaitua hartu duela ere aitortzen du Ana Carlotak: "Gurasoengatik. Haiek asko sufritu dute, barruan eraman dute mina. Oso harro nago epailearen aurrean izan zuten jarreraz. Gauzak diren bezala azaldu zituzten, kikildu gabe. Aita beti izan da borrokalaria. Ospitaleko egun haietan zerbait gehiago egin ez izanaren zama eraman du beti gainean. Guk badakigu garai haietan ez zegoela zer eginik, ez bazuen kartzelan bukatu nahi. Orain, 54 urte eta gero, epaile bati esan beharrekoak esateko aukera izan du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide