Imanol Lopezek ostiralean jokatu zuen estreinakoz Aitzurin. (G.Z).
Bi setetan (15-14 eta 15-10) irabazi dute Olhak eta Lopezek Zumaiako Jai Alai World Tourreko lehen kanporaketa Zulaika eta Etxetoren aurka. Aurrez, Zumaiako bi bikotek jokatu zuten afizionatuen txapelketako kanporaketa. Gorostolak eta Segurolak irabazi zuten.
Aitzuri pilotaleku berrian partida ofizialik jokatu gabe zegoen Imanol Lopez, eta bazuen estreinatzeko gogoa. Olha bikotekidearekin, Zulaika eta Etxeto izan zituzten ostiralean aurkari. Aurrelarien arteko norgehiagokan hautsi zen partida: lehen setak aurrera egin ahala. Zulaika ausart aritu zen, baina komeni baino erremate gehiago huts egin zituen. Olhak, berriz, gutxiago barkatu zuen eta hor egon zen aldea. Hala ere, Olha eta Lopez 14-10 aurretik jarri ondoren, 14na berdintzeko gai izan ziren Zulaika eta Etxeto. Zulaikak kontrakantxara ozta-ozta bidalitako hormabikoak erabaki zuen seta Olha eta Lopezen alde. Bigarren setean errazago dominatu zuten partida Lopezek eta Olhak (15-10), eta beraientzat txapelketako lehen finalaurrekoa.
Beste finalaurrekoa ostiralean jokatuko da, Egiguren-Enbil eta Olharan-Inza bikoteen artean. Finala hilaren 15ean izango da.