Helene Alberdik eta Urko Herranek irabazi dute Zumaiako Triatloia

baleike.eus Aktualitatea. 2017ko irailaren 2a

Usoa Ostolaza zarauztarra hirugarren sailkatu da emakumezkoetan

Helene Alberdi erdian, ezkerrean Irene Lizoate eta eskuinean Usoa Ostoloza.(Gorka Zabaleta). Denboraldi bikaina ari da osatzen Helene Alberdi eta bazuen etxeko proba irabazteko gogoa. Igerian espezialista handia da Helene, eta Arranplatik Moilaberrira egindako 750 metroetan tartea ireki du. Bizikletako lana bakarrik egin du lasterketa buruan, eta aldea areagotzeko gai izan da Aizarnazabalera egin beharreko 20 kilometroko joan etorrian. Korrikako bost kilometroei pare bat minutuko aldearekin ekin die, baina larri ibili da eta estutu ere egin da atzetik Irene Loizate gero eta gertuago zeukala ikusi duenean. Azkenean, Helene Alberdi izan da irabazlea (1:03:45), bigarren postuan Mugarra Triatloi Taldeko Irene Loizate (1:04:18) sailkatu da, eta hirugarren Usoa Ostolaza (1:06:03) zarauztarra izan da. Gizonezkoetan, irabazlea ia zozketan erabaki behar izan dute, Urko Herran eta Ander Garcia taldekideak (Araba Tri) eskutik helduta sartu baitira helmugan. Azkenean epaileek erabaki dute Herran (55:13) izan dela lehena eta Garcia (55:14) bigarrena. Hirugarren postua Ignacio Tancorentzat (55:45) izan da. Lehen zumaiarra Juan Mari Azpillaga izan da. Probra herrikoian, berriz, Ione Mujika elgetarra izan da lehen emakumea, atzetik aurrerantz egindako proban, Ana Alava (gasteiz) eta Naiade Velascoren (Portugalete) aurretik. Gizonen artean, Josema Huizi (Bera), Eñaut Fernandez de Lezea (Zizurkil) eta Kimetz Etxabe zumaiarra izan dira hiru azkarrenak. Emakume zumaiar azkarrena Begoña Amilibia izan da. Proba herrikoia hasi aurretik Jose Manuel Azkue Xirula izan dute gogoan, haren omenezko minutu bateko isilunearekin. Esprinteko probaren aurretik berriz, udan Pirinioetan hildako Mikel Crespo Aretxabaletako mendizaleari egin diote omenaldia. Baleike.eus atarian topatu daiteke Zumaiako Triatloiko kronika zabala eta esprint distantziako eta proba herrikoiko argazki bildumak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide