Pilotariak, kirol ordezkariak eta Oier Korta Zumaiako alkatea, atzo Aitzurin egin zen aurkezpen ekitaldian. (Juan Luis Romatet)
Maila goreneko zesta punta partidak ikusteko aukera izango da datozen hiru ostiraletan Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Jai Alai World Tourraren barruan antolatutako Laugarren Master Serieseko finalerdiak eta finalak jokatuko dira bertan. Txapelketa honetako pilotarien artean bi zumaiar izango dira: Imanol Lopez eta Gotzon Enbil.
Lau izango dira Aitzurin jokatuko diren pilota jaialdiak: Irailaren 1ean eta 8an finalerdiak jokatuko dituzte; finalak, berriz, irailaren 15ean. World Tourreko beste jaialdi bat ere jokatuko da irailaren 29an.
Open desafioa izena jarri diote jaialdi horri eta atzo Aitzurin egindako aurkezpenean azaldu zutenez, oraindik erabaki gade dago zein pilotarik hartuko duten parte bertan.
Munduko pilota batzordeko presidente Fernando Azkaratek adierazi zuenez, zesta puntari bultzada emateko asmoa dute. Hala, aurtengo World Tourra abendura arte luzatuko dute. "Gabonak ere zirkuituaren barruan sartu ditugu", aipatu zuen. Zumaian jokatuko diren partidak arrakastatsuak izateko desioa ere dutela ere azaldu zuen Azkaratek.
Jai Alive enpresako ordezkari Mikel Egiguren ere pozik agertu zen Zumaian. "Iaz oso ondo joan ziren partidak Zumaian, eta jende ugari izan genuen. Txapelketa honetan munduko pilotari onenetakoak izango dira".
Zesta puntari bultzada eman nahian, jaialdietan afizionatu mailako pilotari gazteei ere ateak zabalduko dizkiete. Hala, jaialdi bakoitzeko aurreneko partidak afizionatuek jokatuko dituzte. Pilotari afizionatuen parte hartzea positibotzat jo zuen Egigurenek: "Pilota eskoletako gazteak egotea oso ona da. Zumaian, adibidez, oso lan ona egiten da".
Oier Korta Zumaiako alkateak, berriz, eskerrak eman zituen bigarren urtez txapelketa Zumaian izango delako. "Ea iaz bezalako arrakasta izaten dugun, herritar guztiak animatzen ditugu jaialdietara", adierazi zuen Kortak.
Urtearen bukaeran jokatuko diren azken partidetako bat (bi finalerdi eta finala) Zumaian jokatzea ere ez zuten baztertu zesta puntako jaialdiaren antolatzaileek. "Hiru frontoi beharko ditugu eta ikusiko dugu, agian horietako bat Aitzuri izan daiteke", aipatu zuten.
Bihar jokatuko da lehen finalaurrekoa. Lehen partidan Zumaia A eta Zumaia B neurtuko dira. Partida nagusian Olha eta Imanol Lopez, Zulaika eta Etchetoren aurka arituko dira.
Sekulako uda egiten ari den Imanol Lopez etxean ikusteko aukera izango da, gainera. Entrenamenduetarako frontoia erabili badu ere, Aitzurin jokatzen duen lehen partida izango du biharkoa.
Irailaren 8an, afizionatuetan Donostiako eta Gasteizko pilotariak neurtuko dira; nagusian, berriz, Egiguren eta Gotzon Enbil, Olharanen eta Inzaren kontra. Bi finalerdietako irabazleek irailaren 15eko finalak jokatuko dituzte.
Pilota jaialdiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Lubaki kiroldegian, 12 euroan. Egunean bertan frontoiko leihatilan ere eros daitezke, 19:30ean.
Marmitakoa opari
Irailean jokatuko diren lau jardunaldietan, bi partiden artean, marmitako platerka bana oparituko die Pilota Elkarteak partidak ikustera doazenei. Marmitakoa frontoiko jatetxean prestatuko dute. Horrekin batera, Etxetxo txakolina edo Tximista sagardoa ere eskainiko dute.