Itzurungo pilota txapelketako sari banaketa
Itzurungo XII. pilota txapelketako azken partidak jokatu zituzten atzo arratsaldean Larretxo auzoko frontoi txikian. Eguraldia lagun, jende kopuru handia hurreratu zen partidak ikustera, asko eta asko pilotari beraien kuadrillakideak. Hona hemen Jexux Iribar Olaldek Baleike.eus atarian idatzitako kronika:
Jokin Gorostola eta Gaizka Mendizabal, aurtengo txapeldunak, 3-1 galtzen hasi ziren, baina hiruna eta launa berdindu ondoren, 4-8, 5-11, 6-14, 7-17 eta 10-18 jarri ziren aurretik markagailuan gero eta zulo handiagoa eginez. Amaieran, 10-22 irabazi zieten Joseba Martija eta Ander Odriozolari. Gerriko gorridun Joseba Martijak, egin beharraren beharrez, baina gozatu ezinik, eta eroso sentitu gabe aurrekoadroetan, pilota erraz samar galtzen hasi zen. Aurkari gerriko urdindunak erregularrago eta bere lanak txukun eginaz, diferentzia nabariak sortzen joan ziren joko eta markagailuan norgehiagoka hasi eta laster. Lekuz aldatu eta Ander Odriozolaren joko erasokorrarekin partidak bizitasunean irabazi zuen pixka bat baina, arriskatzen duenak galdu ere bai gehienetan, eta azkenean emozio askorik gabeko finala uste baino errazago irabazi zuten gerriko urdindunek, txapelketa guzian erakutsitako sendotasun eta gabezi askorik gabeko jokoari esker, Jokin Gorostolak pilotari bizi eman eta jokoa nahastuz, eta Gaizka Mendizabal, berriz, pilota zailak ekarri eta buena asko eginaz. Lehenengo partidan, 3. eta 4. postuak erabakitzen zituenak, 22 eta 5, alde handiz nagusitu ziren Unai Antia eta Aitzol Oliden, Imanol Oiartzabal eta Ibon Eizagirreri jokuz ere askoz gehiago izanik. Hauexek emaitzak: OLIDEN-ANTIA 22 / 5 OIARTZABAL-EIZAGIRRE GOROSTOLA-MENDIZABAL 22 / 10 ODRIOZOLA-MARTIJA Eta besterik ez: pozgarria eta eskertzekoa XII. jardunaldi honetako pilotari gazteen parte hartze nabaria, eta orokorrean guztien seriotasuna, bikote baten eskuko mina medio jokatu gabe gelditutako partidu bat kenduta, norgehiagoka denak izendatutako egunetan jokatzera iritsiaz, norberak ezin zuenean ordezkoa aurkituz.