Bidasoak eta Benidormek jokatuko dute gaur Pulporen udako saria

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 24a

Amenabarrek gaur Torrelavegako taldearen kontra jokatuko du, eta Aialak bihar Euskadiko Kopako partida izango du Muskizen kontra

Ander Torriko eta Kauldi Odriozola Pulpo Eskubaloiaren udako saria jokatuko da gaur, 20:00etatik aurrera, Lubaki kiroldegian. Aurten ere Bidasoa eta Benidorm taldeek jokatuko dute Zumaiako kiroldegian. Hala, Ander Torriko eta Kauldi Odriozola berriro ere etxean ikusteko aukera izango dute zaletuek.
Partidaren hasieran Munduko junior txapeldun izan berri diren Bidasoako bi jokalariri omenaldia egingo die Pulpo Eskubaloiak, Kauldi Odriozolari eta Xoan Ledori, hain zuzen ere. Kauldiren eta Ander Torrikoren kamiseta bana ere zozkatuko dira arratsean zehar rifak erosten dituztenen artean. Sarrerak aurrez salgai izango dira aurreko egunetan. Partidaren atarian ere salgai izango dira, 18:00etatik aurrera. Sarrerak 8 euroan egongo dira salgai. Kiroldegira sarrera ate nagusitik egingo da eta irteera larrialdietako atetik. Pulpoko bazkide egiteko aukera ere egongo da, aurre salmentan eta txapelketaren egun bertan, kiroldegiko bulegoan.

Aiala eta Amenabar

Datozen egunetan hainbat partida jokatuko dituzte eskubaloiko emakumezkoen zein gizonezkoen taldeek: gaur Torrelavegako taldearen kontra jokatuko du Amenabarrek, 20:00etan; etzi, larunbatean, Aialak Euskadiko Kopako partida izango du Muskizen kontra, 17:00etatik aurrera, eta Amenabarrek, berriz, Benidormen kontrako arituko da, 19:00etatik hasita. Bestalde, Zarauzko Eskubaloi atalak 2005ean jaio direnei kirol hori praktikatzeko deia egin die denboraldi berrian. Horretarako, bi hitzordu prestatu ditu datorren irailaren 2rako: neskak 10:00etan elkartuko dira eta mutilak ordubete geroago, 11:00etan, Antoniano kiroldegian. Interesa dutenek eskubaloian jokatzeko arroparekin joan beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide