Jon Mujikak eta Alba Romerok irabazi dute Zumaiako Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 19a

272 lagunek bukatu dute hiru kilometroko proba. Bigarren egin dute Nikolas Illarramendik eta Amaia Zendoian, eta hirugarren Jon Unanuek eta Ana Vegak.

Gaurko itsas zeharkaldiko irudia. (Peio Romatet) Bidasoa XXI. taldeko Jon Mujika bergararrak (00:39:37) eta Logroñoko Alba Romerok (00:41:47) irabazi dute gaur, larunbata, Taosa igeri taldeak antolatuta Zumaian jokatu den Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia. Itzurun hondartzatik abiatu dira igerilariak 12:30ean, eta hiru kilometroko ibilbidea egin dute itsasoan nahiz errioan. Lehen edizioa ezin izan zuten itsasoan egin, olatuengatik. Gizonen podiuma Nikolas Illarramendi zarauztarrak (00:40:37) eta Jon Unanue triatleta zarauztarrak (00:41:38) osatu dute. Emakumeena, berriz, Amaia Zendoia (00:42:38) eta Ana Vega (00:43:03) donostiarrek. Sailkapeneko Zumaiako lehen igerilariak, berriz, Mikel Mangas (00:41:40) eta Nekane Agirre (00:55:25) izan dira, sailkapen orokorrean 4. eta 108. sailkatu dira. Proba gogorra izan da haizeak jotzen zuelako eta itsasoa ere zakartu egin delako. Dena den, 272 lagunek bukatu dute lasterketa. Ainhoa Murua triatletak eta Iñaki Osa puntistak banatu dituzte sariak. Itsas zeharkaldiko sailkapena ikusteko egin klik hemen. Argazki bilduma, berriz, hemen ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide