Jon Maia bertsolaria. (Gorka Zabaleta).
Koaderno beltza jarri du mahaiaren gainean, baina apenas duen oharrik barruan. "Zerbait ekartzearren hartu dut. Baina hutsik dago, hala ere". Buruan darama dena Jon Maia sortzaileak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972), eta martxan dituen egitasmoen karpetak ongi bereizita dauzka bertan. Papera eta boligrafoa erabili beharrean, memoria da Maiak sortzeko duen tresna nagusia. "Burua da nire bulegorik onena". Urte luzez eduki dezake egitasmo bat garunean bueltaka, harik eta azken urratsa egiten duen arte: epe bat jarri. "Neure burua behartzeko modu bat asmatzen dut". Hiru egitasmo bukatu ditu aurten:
Berriak jaio ginen saiakera,
Ele! Lorca-Lauaxeta antzezlana eta
Gutik zura dokumentala. Hiru sorkuntza eta hiru esparru. Bertsolari, idazle, abeslari, letragile eta dokumentalgile lanetan aritzen da, baina asmo bakarrarekin sortzen duela dio. "Sentitu behar dut egiten dudan horrek zerbait ekartzen duela". Zaborrontzirik ez du sortzaileak: egitekoen artean izan duen oro gauzatu du. "Zorionez, buruan izan dudan guztia egin dut orain arte". Inon arrastorik utzi gabe agertzen eta desagertzen dira zirriborroak Maiaren kasuan.
Bueltaka zein ideia edo proiektu berri darabilen asmatzea zaila bada ere, ziurtasunez esan daiteke atseden uneak gutxitan izaten dituela Maiak buruan. Azken hilabeteetako uzta izan daiteke sortzailearen ideia faktoriaren isla: liburu bat, dokumental bat eta antzezlan bat bukatu berri ditu. Makinak gelditu dituela dio. "Uda garaira lan guztiak eginda iritsi nahi nuen". Entrenatzen segituko du datozen hilabeteetan ere, irailean abiatuko den 17. Bertsolari Txapelketa Nagusian baitu orain gogoa. Hain zuzen, 1997ko bertsolari txapelketan Maiak abestu zuen azken agurra da
Berriak jaio ginen liburuaren (Lanku) abiapuntua. Orduan 25 urte zituen, eta Donostiako belodromoko oholtza gainean abestu zien Extremadurako eta Zamorako guraso eta aitona-amonei. Hogeigarren urteurrenean eraman ditu bizipenak paperera.
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Berria.eus-en.