Kataluniako erasoak salatu dituzte eskualdeko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 18a

Atzo Katalunian, Bartzelona eta Cambrilsen, izan ziren erasoak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat udalek gaur eguerdirako. Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian egin dituzte kontzentrazioak 12:00etan, eta dozenaka herritarrek parte hartu dute horietan. Udal ordezkariek eta herritarrek atzoko erasoetan hil eta zauritu ziren lagunei babesa eta elkartasuna adierazi diete. Azpeitian, gainera, udaletxeko balkoian banderak haga erdian eta xingola beltzarekin jarri dituzte udal ordezkariek. Azkoitiko, Zarauzko eta Zumaiako EH Bilduk oharra kaleratu dute. Koalizioko kideek "samina" adierazi diete erasoan hil edo zauritu diren herritarrei, haien familiei eta Kataluniako herriari. EH Bilduk esan du eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten duela koalizioak, eta horren alde lan egiten duela. "Egunero borrokatzen du EH Bilduk, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan". Horregatik, koalizioak esan du mundu osoan gertatzen diren giza eskubideen oinarrizko printzipio demokragtikoen aurkako eraso guztiak salatzen dituela. Orioko Udalak honako mezua zabaldu du: "Orioko Udalak bete-betean gaitzesten du Bartzelonan atzo izandako atentatu izugarria eta, era berean, elkartasuna adierazi nahi die biktimen senideei eta adiskideei. Udalak irmo arbuiatzen du indarkeria terroristaren basakeria. Une latz honetan, Orioko Udalak besarkada solidario bat eta hurbiltasun-sentimendurik zintzoena bidali nahi die Bartzelonako hiriari eta Kataluniako herri osoari." Atzo arratsaldean furgoneta batek hainbat lagun harrapatu zituen Bartzelonako Ramblak etorbidean. 13 lagun hil eta 80 bat zauritu ziren. Bart, 01:00ak aldean, Cambrilsen (Tarragona) beste harrapaketa bat izan zen. Zazpi lagun harrapatu zituen auto batek, eta horietako bat hil egin da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide