Leticia Gasparrek irabazi du kaleko pintura lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 16a

Pintura lehiaketan saritutako lagunak. (Baleike.eus) Atzo egin zuten Zumaian kaleko pintura lehiaketaren XVI. edizioa. Guztira, 44 lagunek parte hartu zuten lehian; 33 helduk eta 13 umek. Eguraldi iragarpenari aurre egin, eta baldintza egokietan egin ahal izan zuten lehiaketa, eta arratsaldean banatu zituzten sariak Alondegiko Oxford aretoan. Ordurako Valentin Manterola, Paco Hernandez, Julian Eguiguren, Eduardo Alsasua eta Olatz Goiburu margolariek osatutako epaimahaiak erabakia hartuta zuen. Haiek jakinarazi zutenez, gainera, lehen saria aukeratzerakoan ez zuten eztabaidarik izan: Leticia Gasparrek egindako margolana izan zen onena haien aburuz. Honako margolan hau da Gasparrek atzo egin zuena: Leticia Gasparren lana. (Baleike.eus) Bigarren saria Raimundo Argosek irabazi zuen, eta zumaiar onenarena, Ainara Lazkanok. 12 urtez azpikoen saria Iera Urkidik eskuratu zuen eta Paula Alamillosek 12-16 urte bitartekoena. Lehiaketan parte hartu zuten guztien lanen erakusketa gaur zabalduko dute Oxford aretoan. Erakusketa irailaren 3ra bitartean izango da irekita egunero, 18:30etik 20:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide