Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Udalak Kaleko Pintura Lehiaketa antolatu du beste urte batez. Bi urtean behin egiten da lehiaketa, eta ohi bezala, Amabirjin Egunean, abuztuaren 15ean, aterako dira artistak kalera, herriko txokoak margotzera.
Dagoeneko kaleratu dituzte lehiaketaren oinarriak. Nahi duen guztiek har dezakete parte, eta horiek 09:00etatik 11:00etara bitartean zigilatu beharko dituzte lanerako euskarriak, Oxford erakusketa aretoan. Parte hartzaileek euskarriak aurretik prestatuta eraman ditzakete, baina antolatzaileek ez dute onartuko "marrazki, zirrimarra eta marra aztarnak" dituzten euskarriak. Euskarria gogorra izan behar du, ondoren erakusketa jarriko baitute haiekin. Zumaiako lur eremuan margotu beharko dute, eta amaitutakoan berriro Oxford aretoan aurkeztu beharko dituzte, 13:00etatik 14:00etara artean.
Sariei dagokienez, irabazleak 800 euro jasoko ditu; bigarren postuan egiten duenak, 500 euro; eta saririk jaso ez duen lehen zumaiarrarentzat 300 euro banatuko dituzte. Gaztetxoen eta haurren atalak ere egongo dira, eta, beraz, hamabi eta hamasei urte bitarteko onenari eta hamabi urtetik beherako onenari ere emango dizkiete sariak.
Lehiaketa amaitutakoan, bazkaria
14:30ean bazkaria egingo dute parte hartzaile guztiekin. Beraz, guztiek bazkari txartel bat jasoko dute. Dena den, lehiaketan parte hartu ez dutenek ere izango dute bazkarira joateko aukera, eta haiek 15 euro ordaindu beharko dute.
Aurkeztutako zenbait lanekin, gainera, erakusketa egingo dute abuztuaren 16tik irailaren 3ra bitartean, Oxford aretoan.