Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gaur goizean Getariako portuan. (Eusko Jaurlaritza)
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Arrantza sailburuorde Bittor Oroz eta Arrantza zuzendari Leandro Azkue Getariako portuan izan dira gaur goizean, hegaluzearen lehorreratzean eta enkantean. Ondoren, ibilbidea egin dute hegaluzeari lotutako elikagai kate osoan zehar; Zumaiako kontserba enpresa baten azpiegiturak eta arraindegia bisitatu dituzte, eta ondoren hegaluze dastaketa egin dute Zumaiako jatetxe batean.
Jaurlaritzako ordezkariek jakinarazi dutenez, kanpaina hasi zenetik 1.524 tona hegaluze lehorreratu dira euskal portuetan, horietatik 676 tona Getariako portuan. Aurten hegaluzearen bataz besteko prezioa 4,12-4,49 euro artekoa izan da. Oro har, 2015eko eta 2016ko hegaluzearen kanpainek goranzko joera izan dutela nabarmendu dute. "Pasa den kanpaina azken urteetako daturik onenarekin itxi zen, 2015ean baino %20 gehiago harrapatu baitzuten euskal arrantzaleek".
Harrapaketa datuak urtez urte
2013an 3,6 mila tona
2014an 2,9 mila tona
2015an 5 mila tona
2016an 6 mila tona
Aurtengo kanpainan lehorreratutako 1.524 tonetatik, 1.200 tona inguru Eusko Label zigiluarekin etiketatu dituzte arrantzaleek, harrapaketa osoaren %85a. Eusko Jaurlaritzako ordezkarien iritziz "oso garrantzitsua" da hegaluzea modu berezituan merkaturatzea. "Horrela, herritarrek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatezkoa". Ildo horretan, Eusko Labela duen hegaluzea "kalitate handiko" arraina dela azpimarratu dute, euskal arrantzaleek banan-banan eta sarerik gabe, arrantza sistema tradizionalarekin harrapatutakoa. "Metodo horrek arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen ditu", nabarmendu dute.