Gureak eta Indaux enpresek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Getariako Hitza 2017ko abuztuaren 3a

Bi proiektu berriren ardura hartuko du Gureak enpresak Indauxek Getarian duen egoitzan

Getariako Indaux enpresa. (Indaux) Duela hogei urte abiatu zuten Gureak et Indaux enpresek elkarlana hainbat esparrutan, eta orain lankidetza hitzarmena berretsi dute. Modu horretan, Indauxek Gureaken ardurapean jarri ditu Getariako egoitzan garatzen ari diren bi proiektu osagarri. Horri esker desgaitasuna duten Urola Kostako 25 lagunen lan munduratze inklusiboa bideratuko da Getariako enpresan. Hitzarmenak merkataritza harreman produktibotik haratago, aniztasun funtzionala duten lagunen lan munduko inklusioari ateak irekitzen dizkiola adierazi dute arduradunek. Gureak enpresako zuzendari Asier Vitoriaren iritziz elkarlan horrek bi enpresentzat «erronka berriak» sortu ditu, eta egunerokoan «hobetzen lagunduko» diela ere uste du. «Gipuzkoar guztientzat onuragarria da, laguntza behar gehien duten pertsonentzat lan aukera berriak sortuko baitira eskualdean». Indauxeko zuzendari orokor Javier Garcia Alonsok jakinarazi duenez, Indauxen berezigarria da «garapen jasangarriarekiko eta inguruko gizarte ongizatearekiko duen konpromisoa, eta aldi berean, gure bazkideekin harreman iraunkorrak eraikitzea». 20 urteko bidea elkarrekin Bi enpresen arteko elkarlana 90. hamarkadan hasi zen, eta hasiera horretan Indauxeko piezen muntaia lanak egiten hasi ziren Gureak enpresako kideak. Handik gutxira, mezularitza eta isilpeko dokumentazioa suntsitzeko lanen ardura ere hartu zuen Gureakek. Orain, Indauxek eta Gureakek beste urrats bat eman dute lankidetza horretan, eta aurrerantzean Indaux enpresako bi proiektu berriren ardura izango du Gureakek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide