Aitor Manterola kirol kazetari zumaiarra da Harmailaren atzean daudenetako bat. (Gorka Zabaleta)
Kirolaz hitz egiterakoan, askotan, sarritan, gehiegitan, lehiakortasunaz hitz egiten da. Lehiakortasun horren alderdi okerrenarekin topo egiten da askotan, gainera. Bada, ordea, kirola modu lasaiago batean lantzea gogokoago duenik. Filosofia horren aldeko apustua egin dute
Harmaila aldizkari berriaren arduradunek.
0 zenbakia atera berri duen argitalpen horren atzean Aitor Manterola kirol kazetari zumaiarra, Eñaut Barandiaran gidoilari eta kirol zuzendaria eta Iñaki Berastegi kirol esataria daude.
Futbolmamia ataria sortu eta gutxira hasi ziren Manterola eta Barandiaran kirolari zuzendutako argitalpen bat sortzeko ideiarekin. "2012. urtea izango zen. Pentsatzen genuen kirolari zuzendutako euskarazko egunkari edo aldizkari bat behar zela; hutsunea zegoela uste genuen eta baita halako baten beharra ere. Orain urtebete inguru berriro hasi ginen eta Iñaki Berastegi batu zitzaigun", azaldu du Manterolak. Halako aldizkari bat irakurriko luketenak badaudela uste dute, hala dio Manterolak: "Ikusita Euskal Herrian dagoen kirol zaletasuna eta zenbat jendek kirola egiten duen, halako aldizkari baten irakurle potentzialak bazirela pentsatu genuen".
Pentsatu eta baita egin ere.
Harmaila aldizkariaren 0 zenbakia atera berri dute. 72 orrialde ditu, eta koloretan da. Oraingoz, formatu digitalean bakarrik atera dute:
www.harmaila.eus webgunean irakurri daiteke, baina etorkizunean paperean ateratzea ez dute baztertzen.
Lasai irakurtzeko moduko aldizkaria da, erreportaje eta elkarrizketa luzeekin osatutakoa. "Kirola bera mamitik heldu nahi dugu. Ez da gure asmoa egunerokotasunean edo emaitzak-lehia bikotean oinarritutakoa izatea. Kirola eta kirolaria hartu eta lasai mamitu, gozatu eta landu nahi ditugu".
Manterolaren esanetan, kirol guztiei egin nahi diete tartea aldizkariko orrialdeetan, ez denen ahotan dauden kirolei bakarrik. "Kirol denek izango dute presentzia, ez futbolak, saskibaloiak edo pilotak bakarrik". Euskal Herrikoak jorratuko dituzte, baina baita mundu osokoak ere. "Euskal Herrikoak landuko ditugunean lurraldetasuna ere kontuan hartuko dugu. Adibidez, 0 zenbaki honetan Lapurdiko arraunlariak sartu ditugu". Genero ikuspegia lantzeko borondatea ere erakutsi dute, eta emakumeen kirolari ere lekua eta presentzia eskainiko dietela nabarmendu du zumaiarrak.
Lehen edo 0 zenbakian, uda izanik, arraunari eman diote azala eta Jon Maia bertsolari, idazle eta dokumentalen zuzendaria elkarrizketatu dute. Arraunaren beste ikuspegi bat eskaini nahi izan dute, eta kirola ez den beste esparru batzuetara eraman dute. "Kultura aldera eraman nahi izan dugu. Ikusten dugu kultur aldetik badagoela halako erresistentzia bat kirolari begiratzen zaionean".
Paperean edo digitalean
Harmaila etxean jasotzeko aukera izango da paperean, harpidetuta. Harpidetza 40 euro izango da urteko paperezko aldizkariaren kasuan. Formatu digitalean jaisteko aukera nahiago dutenek 15 euroko harpidetza egingo dute. Urtean bost zenbaki ateratzeko asmoa dute. "Zenbakiz zenbakirako tarte horretan bizirik mantenduko dugu webgunearen bitartez".
Euskal Herriko zenbait komunikazio talderekin harremanetan jartzeko borondatea ere erakutsi dute. "Haiekin bildu nahi dugu produktua ea interesatzen zaien eta elkarlana posible ikusten duten jakiteko. Kirola euskaraz jorratzen dugula ikusita, batek edo bestek interesa erakutsi du. Gero, gainera, euskararen erabilerak behera egin duela ikusita, kirola bada erreferentzia bat. Bada euskarazko komunikabide esparruan kirolaren alde apustua egiteko ordua".