Gaia abuztuan lantzeko konpromisoa hartu dute udal taldeek. (Baleike)
Etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzen inguruko eztabaida izan zen ostegunean egindako uztaileko ohiko udalbatzarrean. EH Bilduk bere proposamena aurkeztu zuen, eta haren ondotik etorri zen iritzi trukea. 2017ko udal aurrekontuetan 30.000 euroko partida bat dago onartuta gazteei etxebizitzaren alokairuan laguntzeko, baina oraindik ez da indarrean jarri, eta oposizioko alderdiek kezka agertu dute.
EH Bilduk hartu zuen hitza, azken hilabeteotan landu duen proposamena aurkezteko. 2017rako, dagoeneko onartuta dagoena, indarrean jarri eta 2018rako diru partida 100.000 eurokoa izatea proposatu dute, inguruko herrietako esperientziak baloratuta. Diru laguntzen onuradunak diru sarreren arabera mugatzea proposatzen dute, ez adinaren arabera. Diru laguntzak nominalak izango lirateke, gehienez gastuaren %50 jasoko litzateke eta alokairuaren prezioarentzat 700 euroko muga proposatzen dute.
Udal Gobernuak kontrako botoa eman zuen, eta Oier Korta alkateak eman zituen arrazoiak: "Gai konplexua da alokairuarena eta kontu handiz aztertu behar da. Inguruko herrietako programak aztertu ditugu, eta gaia lantzen ari gara. Gure proposamena ere badaukagu, beka sistema bidez. Kontuz ibili behar da, dei efektu bat ez eragiteko; azken finean, kanpotik datozenen presioagatik ere igotzen dira alokairuen prezioak. Bestetik, diru laguntzaren %80a herritar orori zabaltzeak kezka sortzen digu, ez dakigu zenbat eskatzaile egon daitezkeen".
Epeengatik, ezezkoa
PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek onartuta dagoen programa lehenbailehen martxan jartzeko eskatu zion Udal Gobernuari, "hain zuzen ere, jakiteko herrian zenbat eskatzaile dauden". "Aurtengo aurrekontuetan onartuta dagoena martxan jarri behar da lehenbailehen; udaren bueltan hasiko gara 2018ko aurrekontuak lantzen eta ez dugu jakingo diru laguntza hauek zer eragin izan duten, diru gehiago jarri behar den edo kendu egin behar den. Orduan ez dugu erreferentziarik izango erabakiak hartzeko". Eta EH Bilduk egindako proposamenaz, kontrako botoa iragarri zuen, proposamenaren izpirituarekin bat egin arren. "Oso ondo dago, arazo handia da etxebizitzarena; guk ezetz bozkatuko dugu, ez edukiagatik, epeengatik baizik. Uste dugu gai honek garrantzia handia izan behar duela 2018ko udal aurrekontuen eztaibaidan".
Abuztuan gaia lantzekotan
Alkateak ere kritikatu zuen, bere ustez udalbatzarra ez delako halako gai bat eztabaidatzeko gune egokiena; gaia batzordean landu behar zela adierazi zuen Kortak. Horri erantzunez, zera adierazi zuen EH Bilduk, joan den martxotik ari direla gaia batzordean lantzeko eskatzen. "Gure proposamena beste udal taldeekin landu nahi genuke, elkarrekin, eta denon artean adostu. Baina behin eta berriro eskatu dugu batzordean lantzeko eta uztailera iritsi gara eta ez da horretarako aukerarik izan".
Joan den osteguneko udalbatzarrean proposamena atzera bota zuten arren, alde guztiak prest agertu ziren gaiari heltzeko. EH Bilduk gaiari heltzeko konpromisoa eskatu zuen, eta alkatea bera prest agertu zen gaia abuztuan lantzeko eta adosteko, "etxebizitzen alokairu programa ahalik eta azkarren martxan jartzeko".