Joxe Mari Korta Fundazioak ez du elkarretaratze gehiago egingo

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 28a

Erabakia "gizartearen normalizazio prozesuaren eraginari egindako ekarpena" da fundazioko kideen arabera. Halere, jakinarazi dute orain arteko jardunarekin segituko dutela, hala nola formazioaren arloan urratsak ematen.

Joxe Mari Korta Bidetik Fundazioak gaur jakinarazi duenez, aurrerantzean ez dute ETAk 2000. urteko abuztuaren 8an hil zuen Joxe Mari Korta enpresariaren oroimenezko elkarretaratze gehiago egingo. Donostian eskaini du gaur agerraldia fundazioko idazkari eta Joxe Mari Korta zenaren seme Andoitzek eta Jesus Alberdi fundazioko kideak, eta haiek esan dute fundazioko bazkideek erabaki dutela 16 urteren ostean elkarretaratze gehiago ez egitea.

Alberdik adierazi du elkarretaratzerik ez egiteak ez duela esan nahi Joxe Mari zenaren oroimena eta memoria ezabatuko dutenik. "Horiek garatuko ditugu Joxe Marik bizitzan zehar praktikan jarri zituen balioak bultzatuz". Joxe Mari Korta Fundaziokoek esan dute gazteen formazio teorikoa eta praktikoa bultzatzen segituko dutela, eta giza baliabideak, ikaste prozesua, kirola eta gazteen osasuna hobetzen ere bai". Hori guztia egingo dugu Joxe Mariren baloreetan oinarrituta: "Zintzotasuna, esfortzu pertsonala, elkarrizketa eraikitzaileak, gizatasun solidarioa eta konprometitua zen bera, eta asko maite zuen bere herria".

Erabakia "gizartearen normalizazio prozesuaren eraginari egindako ekarpena" da: "Kualitatiboki, 2000arekin alderatuta, oso desberdina den une batean hartu dugu erabakia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide