Bihar hasiko da Musika Jaialdia, maila handiko aukera zabal eta orekatuarekin

Gorka Zabaleta 2017ko uztailaren 28a

Bihar hasi eta abuztuaren 13ra arte, musika eta dantza estilo askotariko saioak egongo dira .Bandaren kontzertu bereziak irekiko du jaialdia

Kultur teknikari Miriam Romatet, zinegotzi Jon Iraola eta Bandako zuzendari Jose Mari Azkue. (G. Zabaleta) Azken urteotako bidetik antolatu dute aurtengo Musika Jaialdia Zumaian, musika klasikoaren eskaintzari beste aukera batzuk gehituz, eskaintza zabaldu eta publiko gehiagorengana iritsi ahal izateko. "Lehen musika klasikoa izaten zen ia erabat; orain ere ardatzetako bat da, baina jazza ere badago, haurrentzako musika, eta dantzari ere bere lekua eman nahi izan diogu", azaldu du kultura teknikari Miriam Romatetek. Zumaiako Musika Bandak prestatu duen kontzertu bereziarekin hasiko da aurtengo jaialdia. Itzurunen izango da, eta flamenko doinuak izango dira protagonista. Bandako zuzendari Jose Mari Azkuek azaldu zituen atzoko aurkezpenean saio berezi horren nondik norakoak. "Nik banuen Itzurunen zerbait egiteko gogoa, aspalditik. Duela 25 bat urte Luarna Lubrek eman zuen kontzertua neukan buruan eta, kontuari bueltaka, azkenean zerbait berezia prestatu dugu". Iaz Sakanako Bandaren kontzertu batek eman zion ideia. "Euskal musika, jazza eta flamenkoa uztartu zituzten, eta huraxe egokia izan zitekeela pentsatu genuen". Bihar, Bandarekin batera, Gorka Hermosa soinu-jotzailea, flamenkoko gitarrista bat eta Carmen Paris abeslari ezaguna izango dira Itzurunen. "Gaur egun flamenkoaren munduan puntan dagoen abeslaria da Paris", azaldu zuen Azkuek. Bi asteko eskaintza Eta hortik aurrera, zaletasun eta publiko guztientzako eskaintza egongo da bi astez. Sapere Aude Sinfoniettak Miren Urbieta Vega sopranoarekin eskainiko duen Mahlerren 4. sinfonia seguru musikazaleen gustukoa izango dela. Abuztuaren 6an izango da emanaldi hori. Eta musikarekin batera, dantzak ere presentzia garrantzitsua izango du Zumaiako Musika Jaialdian. Abuztuaren 10ean Mug Muss Suddenly taldeak Esku harriak, Oteizaren (h)aria lana aurkeztuko du. Lan hori Zumaian sortu zuten, Donostia 2016ren barruko Mugalariak programaren bitartez artistek egin zuten egonaldian. Egun berean, Jaiotz Osa zumaiarra ikusteko aukera ere izango da Odietako ikuskizunean.   EGITARAUA
  • Uztailak 29. 22:30ean, Itzurunen, Musika Bandaren kontzertua: Flamenco etxea.
  • Uztailak 31. 20:00etan, Oxforden, Flysch Quartet klarinete kontzertua.
  • Abuztuak 1. 20:30ean, parrokian, San Pedro Abesbatza.
  • Abuztuak 2. 20:00etan, Aita Mari aretoan, La Traviata, Sydneytik zuzenean.
  • Abuztuak 3. 22:30ean, Oxforden, musika eta zinema. Javi Perez de Azpeitia eta Harold Lloyd.
  • Abuztuak 4. 18:30ean, Mari kalean, Kantu Kontari. 20:30ean, La Remenbrança, parrokian.
  • Abuztuak 6. 20:00etan, Maria eta Josen, Mahlerren 4. sinfonia, Sapere Aude.
  • Abuztuak 7. 20:00etan, Oxforden, Iker Gonzalezen hitzaldia, Musika eta arkitektura.
  • Abuztuak 8. 20:00etan, Oxforden, Soinuzko begiradak, Zukan.
  • Abuztuak 10. 20:00etan, Odietan, dantza. Mug Muss Suddenly eta Jaiotz Osa.
  • Abuztuak 12. 20:00etan, Oxforden, Nevermind jazz hirukotea.
  • Abuztuak 13. 20:00etan, Odietan, Tio Teronen Semeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide