Urola Kostako hainbat enpresetako langileen ordezkariak Elay enpresara egindako bisitan. (Kontseilua)
Urola Kosta eskualdeko lan mundua euskalduntzeko Urola Aitzindari proiektuaren barruan, pauso bat aurrera egin dute bertan parte hartzen ari diren enpresetako langileen ordezkari sindikalek: Antzuolako (Gipuzkoa) Elay enpresa bisitatu dute, bertatik bertara ikusteko euskaraz lan egitea posible dela.
Maiatzean aurkeztu zuten Zarautzen eskualdeko arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Urola Aitzindari esperientzia pilotua. Kontseiluak 2013. urtean egin zuen Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzia du oinarri, eta euskalgintzaz gain, lau hanka edo zutabe ditu: enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa. Urola Kostan garapen agentziak, ELA eta LAB sindikatuak eta hainbat enpresa ari dira parte hartzen: Biele, GKN Zumaia, Sammic, OBE Hettich, Hettich Iberia, KSB Itur, Industrias Auxiliares, Panificadora Artadi, Indaux, Astigarraga Kit Line (JJ Producciones) eta Azkoitiko eta Azpeitiko egoitzak.
Hil honen hasieran, enpresa horietako langileen ordezkari batzuk Euskaragileak enpresa batzordeko kide den eta lan munduaren euskalduntzean aitzindari den Antzuolako Elay enpresan izan ziren. Bertan azaldu zieten zer den euskaraz lan egitea eta euskalduntzeko prozesu nola garatu duten. Elayn 1992. urtean abiatu zuten euskara plana eta euskaraz lan egiten dute aspalditik. Elay beste hainbat enpresarekin batera, Kontseiluak gidatutako Euskaragileak enpresa batzordeko kide da.
Udazkenean egingo du hurrengo urratsa Urola Aitzindarik, orduan enpresetako arduradunekin egingo dute lanketa.
"Enpresa euskalduntzeko konpromisoa guk hartu behar dugu"
Ekaitz Esteban OBE Hettich enpresako LAB sindikatuko ordezkaria.
17 urte daramatza lanean Ekaitz Estebanek (Zarautz, 1980) Aizarnazabalgo OBE Hettich enpresan. Euskararen kalterako, lantegi horretan hizkuntza aldetik atzeraka egin dela uste du zarauztarrak. LAB sindikatuko langileen ordezkari gisa Urola Aitzindari proiektuan parte hartzen ari da. Argi du: zerbait egitekotan langileen konpromisoa beharko da.
Zergatik uste duzu Urola Aitzindari proiektua langileontzat garrantzitsua dela?
Non bizi garen eta non gauden kokatuta ikusita, garrantzitsua da euskararekiko konpromisoa hartzea. 17 urte daramatzat lanean OBE Hettich lantegian, eta ordutik enpresak egin duen bidea ikusita, euskarari dagokionez, pausoak atzeraka ematen ari dela esango nuke. Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko pauso batzuk ematen hasi ginen, baina beti trabak aurkitu genituen eta utzi egin genuen. Enpresak egin dituen azken kontratazioak kontuan hartuta, euskarari garrantziarik ez diotela eman ikusdaiteke, eta horrek pixka bat kezkatu egiten gaitu. Lan mundua pixka bat euskalduntzeak duen garrantzia kontuan hartuta, Urola Aitzindari proiektua interesgarria iruditu zitzaigun eta horretan ari gara.
Eskualdea euskalduna da, baita Aizarnazabal ere. Zuen enpresan zer garrantzia dauka euskarak?
OBE Hettichen euskara ez dago bigarren planoan ere; hirugarren planoan jarri nahi da, gaztelaniaren eta ingelesaren atzetik. Gaztelania oso sartuta dago, eta euskararen gainetik, ingelesari garrantzia ematen zaio. Joera hori tailer barruan ere ikusten da. Beraz, guk geuk ez badugu bultzatzen euskaraz egitea, ez dakit zertan geldituko den kontua, gainetik pasatuko zaizkigu.
Beraz, enpresako funtzionamendu guztia erdarazkoa da.
Enpresa barruan gauza batzuk euskaraz badauzkagu, nominak euskaratuta-eta ditugu. Pauso batzuk emanda dauzkagu, baina euskarari ez zaio ematen benetan eman behar litzaioken garrantzia: ikusgai dagoena, harremanak... Horretan guztian atzeraka egiten ari dela esango nuke. Azkenean, kontratazioek euskaldun garenoi eragiten digute besteekiko harreman guztia erdaraz normalizatzen baitugu, eta justu kontrakoa izan behar luke joerak.
Langileen aldetik ikusten al duzue euskararen normalizaziorako sentsibilizaziorik?
Tailerrean oraindik ez dugu proiektua aurkeztu, momentuz bi sindikatuetako [LAB eta ELA] ordezkarion arteko lanketa da. Proiektua gure lantegira nola ekar dezakegun hitz egiteko bildu ginen. Gero, langileen aldetik zer konpromiso egongo den? Askotan, guk enpresari eskatzen diogun hori langileok hasi behar dugu egiten, langileok erakutsi behar dugu gogoa eta konpromisoa. Lan mundua euskalduntzeko guk geuk ez badugu ezer egiten, konpromisoa ez badugu hartzen eta pausoa guk ez badugu ematen, alferrik ari gara.
Elayra egindako bisitan parte hartu zenuen. Zer ikusi zenuten bertan?
Elayn ikusi genuenarekin eta azaldu zigutenarekin harrituta gelditu nintzen. Aurrena, aurkezpen bat egin ziguten, eta, gero, tailerra bisitatu genuen. Ikus daitekeen guztia euskara hutsean dago eta softwareak euskaratuta dituzte. Elayko ordezkariak kontatu zigun Alemaniara makina bat eskatzen badute, programa informatikoak ingelesez eta euskaraz izatea eskatzen dutela. Horregatik, besteak beste, euskaratuta dute makina guztien funtzionamendua. Hala ere, eskualdean baditugu enpresa euskalduntzeko pausoak ematen ari diren lantegien adibideak, Zumaiako GKN da bat. Lan mundua euskalduntzeko bidean, eragina izango du enpresaren, langileen eta denon konpromisoak .
"Euskara ikastera bultzatu behar dugu, beharrak sortuta"
Xabier Maiz KSB Itur enpresako ELA sindikatuko ordezkaria.
Zarauzko Abendaño industrialdean dagoen KSB Itur enpresako langileen ELAko ordezkaria da Xabier Maiz (Zarautz, 1973). Lantegian eskubide oro aldarrikatzen duten bezala, hizkuntz eskubidearen alde ere egin beharra dagoela uste du Maizek.
Lan mundua euskalduntzeko Urola Aitzindari proiektuan parte hartzen ari zarete. Zer garrantzia du proiektuak?
Hizkuntza eskubideen kontua delako iruditzen zaigu interesgarria. Askotan, langile euskaldunak ez gara kontziente hizkuntza eskubide batzuk ditugula; hau da, lan egiteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugula. Gure enpresan estrukturalki erabat gaztelaniaz egiten da, eta hori kontuan hartuta, enpresan euskararen normalizaziorako pauso batzuk ematea beharrezkoa zela pentsatu genuen. Eskubide oro aldarrikatzen dugun bezala, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna esatera-
ko, hizkuntz eskubideak ere aldarrikatzen ditugu.
Eskualdea euskalduna da, baina zuen enpresan gaztelaniaz egiten da lana.
Langileon artean denetarik gaude: elebakarrak, erdaraz bakarrik egiten dutenak, eta, beste ehuneko handi bat, elebiduna. Gure artean bi eratara hitz egiten dugu, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Baina estrukturalki enpresan dena —bai nominak, bai informazio guztia— gaztelaniaz egiten da. Guk horri guztiari buelta eman behar zitzaiola pentsatu genuen, eta gainera, zuzendaritzak ere horri heltzeko interesa azaldu zigun. Enpresaren zuzendaritzak interesa azaltzea eta zuzendari orokorraren babesa izatea oso garrantzitsua iruditu zitzaigun.
Beraz, enpresan hasita zaudete lanean?
Oraingoz ez gara hasi. Asmoa da irailean lantalde bat sortzea eta pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten hastea. Horretarako, enpresak izan du Bai Euskarari elkarteko kide batekin hitz egiteko aukera, eta laguntzeko prest azaldu da. Gure erantzukizunaren barruan, babes guztia eskainiko diogu proiektuari.
Langileek nola hartu dute lan mundua euskalduntzeko proiektuaren berria?
ELA sindikatuko afiliatuei orain dela bi aste eman nien proiektuaren berri. Irailean euskara lantalde bat sortzeko asmoa dagoela eta enpresan euskara normalizatzeko eta berdintasun linguistikora eramateko boluntarioak beharko direla azaldu nien. Langileen jarrera ona izan da. Adibidez, azalpenak eman orduko, pertsona elebakar bat jakin-minez etorri zen, eta azaldu zigun euskara ikasteko prest egongo litzatekeela eguneko azken lanorduan. Hori positiboa da, ez baitakigu nola erreakzionatuko duten elebakarrek. Igoal, pentsa dezakete behartu egingo ditugula euskaraz jardutera. Helburua, ordea, berdintasun liguistikoa izatea da, eta beraiek gaztelaniaz bizitzeko eskubidea duten bezala, euskaldunok ere eskubide bera izatea; hau da, euskaraz lan egiteko aukera izatea. Erdaldunek ez daukate arazo hori, baina guk euskaraz bizitzeko eta lan egiteko arazoa daukagu. Toki askotan euskaraz ez dakitelako gaztelaniaz egin behar izaten dugu, bai administrazio publikoan, sendagilearengana joandakoan...
Euskara lantaldea enpresaren barruan sortuko al duzue?
Bai, euskara lantaldea enpresa barruan sortuko dugu sail desberdinetako ordezkariak bilduta.
Ondoren, eskualdeko beste enpresetako euskara lantaldeekin harremana izango al duzue?
Ez dakigu zehazki nola izango den, baina Bai Euskarari elkarteko ordezkariekin harremana izango dugu. Beste lantegietako kideekin harremana izango dugula pentsatzen dut, baina ez dakigu beste enpresetan zuzendaritzaren zer babes jasoko duten. Azken finean, enpresak etekin ekonomikorik ez badu ikusten euskara sustatzeko edo normalizatzeko ez du hori sustatzeko gogo handirik izaten. Zuzendaritzakoei ikusarazi behar zaie etekin hori badagoela zerbitzua emateko garaian-eta... Ziur nago Urola Kostako enpresa askotako zuzendaritzatan jende euskalduna badagoela, eta ikusarazi behar zaie beren ardura ere badela Euskal Herriko kultura eta hizkuntza bultzatzeko lan egitea.
KSB Itur enpresaren zuzendaritzak azaldu du interesa.
Guk bagenuen lantegia euskalduntzeko zerbait egiteko asmoa, baina zuzendaritzako kide baten departamentutik etorri da gogo hori beste ekimen edo egitasmo baten barruan, baina handik etorri da nahia. Horregatik, zalantza batzuk izan ditugu; izan ere, enpresako lan hitzarmen kolektiboa blokeatuta daukagu azken bost-sei urteotan, eta ez genuen beste egitasmo batekin nahasterik nahi. Baina, beno, hortik aparte, Bai Euskarari ziurtagiria sustatze aldera ekin diogu lan mundua euskalduntzeko proiektuari.
Proiektua erdaldunak euskarara gerturatzeko akuilu bat ere izan al daiteke?
Baietz uste dut. Askotan gaztelania inposatu egin zaigu; esaterako, enpresako terminologia guztia gaztelaniaz ikasten da, euskaraz nola diren ere ez dakigu. Elayra bisitara joan ginenean, ikusi genuen terminologia guztia euskaraz erabiltzen dutela eta erdaldunek ere hala ikasi dutela. Horrek enpresan kontuak nola dauden erakusten du. Alde horretatik, garrantzitsua da pauso bat ematea. Egia da, Elay euskalduntzeko hogei urtetik gorako prozesu bat eman dutela, eta gauzak egun batetik bestera ez direla egiten.
Elay lantegira egindako bisitan zerk deitu zizun arreta?
Nahiz eta lantaldea pertsona elebakar eta elebidunekin osatuta egon, ikusi genuen posible dela dena euskaraz egitea: bilerak, softwareak... Jendea gai da bizitza guztia gaztelaniaz egiteko, eta euskara jakiteko beharrik ez dute ikusten, ez dute horretarako ahaleginik egiten. Behar horiek sortu behar ditugu, euskara ikastera bultzatzeko, baina ez inposatuta. Ahalegin hori egin ezean, zoragarria den hizkuntza bat galtzen ari gara lan munduan.