Athleticeko lehen taldearekin jokatu zuen ostiralean estreinakoz Peru Nolaskoainek, Valladoliden aurkako lagunarteko partidan. Astebete lehenago Belgikara eraman zuen Jose Angel Ziganda entrenatzaileak Bruggeren kontrako partidarako, baina orduan ez zuen jokatu. Aukera iritsi zitzaion, ordea, Valladoliden aurkako partidan. Hain zuzen ere, 85. minutuan atera zen Nolaskoain zelaira. Lehen mailako talde batean jokatzen duen bigarren zumaiarra da. Carmelo Amas izan zen lehena lehen mailan debutatzen. Hark Espanyolekin egin zuen debuta, 1965ean, eta Realarekin ere jokatu zuen lehen mailan 1972tik 1975era.