Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uztailaren 20an, pasa den ostegunean, abiatu zen Udako Kalera Martxa Gernikatik, eta Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzen ari da ostegunean Lakuntzara iristeko. Atzo eguerdian iritsi zen eskualdera, eta antolatzaileak adierazi duenez, "oso ondo hartu dituzte" herri guztietan. Astelehen eguerdian Zumaiara heldu ziren parte hartzaileak, Debatik barrena; bertan bazkaldu zuten eta 16:00ak inguruan kostaldeko errepidea hartu zuten parte-hartzaileek Getariara iristeko. Getarian harrera egin zieten herritarrek, eta elkarrekin manifestazioa egin zuten herrigunean zehar. Ondoren, herriko plazan ekitalditxoa izan zen, eta 21:00ak inguruan marmitako ederra afaldu zuten Berdura Plazan. Sahatsaga kiroldegian lo egin dute Kalera martxako parte-hartzaileek, eta gosaldu ondoren Zarautzera abiatu dira. Bertan itsas pasealekua eta herrigunea zeharkatu dute manifestazioan, eta Musika Plazan bazkaldu dute.
Aimar Altuna bozeramaileak Getarian azaldu zuenez, "harrera beroa" egin diete herrietan. "Lotarako eta dutxatzeko toki egokiak atondu dizkigute, baita bazkari eta afari ederrak prestatu ere. Ekimen herritarra da gurea. Izan ere, argi dugu euskal preso politikoen gaia ez dela gutxi batzuen kontua. Espetxean dauden kideak gatazka politiko baten ondorioz daude bertan. Horregatik, gizarte osoaren ardura da gatazkari irtenbidea ematea". Euskal gatazkari konponbide integrala emateko "euskal preso politiko guztiek ahalik eta lasterren etxean" izan behar dutela aldarrikatu dute Udako Kalera Martxan.
Horrez gain, "euskal presoei babesa" agertu nahi diete parte hartzaileek. "Euskal preso politikoen kolektiboak ireki berri duen eztabaidari babesa eman nahi diogu. Eztabaida mamitsua da. Pauso handia eman dute azken hamarkadetako dinamikari buelta eman eta euskal gizartearen mesedetan jartzeko. Euskal Herriak behar duen bake prozesuan ekarpena egin nahi du presoen kolektiboak, eta martxa honekin adierazi nahi diegu uneoro beraiekin egongo garela eta behar duten laguntza guztia izango dutela gure aldetik". Ildo horretan, gatazkaren parte izan diren beste aldeei ere ardura berdinaz jokatzeko eskatu diete.
Bestalde, Sortuko kide Arkaitz Rodriguezen "euskal preso politikoak etxeratzeko bide-orri bat" adosteko beharra nabarmendu du gaur Zarautzen. «Armgabetzearekin egin zen bezala, lehentasunezkoa da euskal eragileen, erakundeen eta euskal preso politikoen kolektiboaren artean elkarlana burutzea, eta bide-orri bat zehaztea».
[flickr_set id="72157686747489425"]