Aitzurin jokatuko da Dinastia Etxabe txapelketa. (Peio Romatet)
Erraz esaten da, baina 46. ekitaldia izango du aurten Dinastia Etxabe pilota txapelketak. Gazte eta afizionatu mailetan nabarmentzen diren pilotariei erakusleiho egoki bat eskaintzea da txapelketaren helburua, eta aurten ere maila handiko pilotariak ikusteko aukera izango da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.
Guztira, gazteak eta 23 urtez azpikoak batuta, 40 pilotarik hartuko dute parte, tartean eskualdeko batzuk. Gazte mailan, Zumaiako pilota elkartearekin ari diren Oier Larrañaga oikiarrak eta Gorka Aristi getariarrak izango dute jokatzeko aukera, besteak beste. Eta maila nagusian, berriz, Iriarte, Alberdi eta Egiguren azpeitiarrek eta Oliden oriotarrak –azken biek bikotea osatuz– hartuko dute parte, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxako beste pilotariekin batera.
Txapelketa astelehenetan eta ostiraletan jokatuko da aurten, Antiguakoarekin bat ez egiteko. Astelehenean izango da lehen jaialdia, eta finala abuztuaren 25ean jokatuko da. Partida guztiak 22:00etan hasiko dira. Sarrerak sei euroan jarri dituzte, eta finala zortzi euroan. Dena den, partida guztietarako bonua eros daiteke, 30 euroan.