Alex Uranga bodyboardlaria Antofagastako Txapelketatik kanpo gelditu da final laurdenetan

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 16a

Txilen jokatzen ari diren txapelketan, atzo lortu zuen Urangak final laurdenetarako txartela, laugarren errondan lehen postuan sailkatuta. Gaur ez du lortu finalerdietara sailkatzerik.

Munduko Zirkuituko proba bateko finalaurrekoetara itzultzeko aukera paregabea galdu du gaur, igandea, Alex Uranga bodyboardlari zumaiarrak Antofagastako Txapelketan (Txile). Gaur ere itsasoko baldintzak oso zailak izan dira, maniobrak egiteko olatu egoki gutxi izan dituzte, eta oso garrantzitsua izan da ongi aukeratzen jakitea. Urangak oso ondo ekin dio txandari, aurreko kanporaketetan bezala, bi olatu txukun hartu eta puntuaketan aldea lortu du. Txanda bukatzeko hiru minutu eta erdi falta zirela, 12,25 puntu zeuzkan Urangak eta Brunok 7,51ko olatu bat behar zuen. Olatu bat pasatzen utzi du Urangak, balekoa ez zelakoan, eta huraxe aprobetxatu du Brunok, beste aukerarik ez zuelako. Eta ongi atera zaio. Bi maniobra kateatu ditu olatu berean eta 8,5eko puntuazioa lortu du. Aurrea hartu dio zumaiarrari, txanda amaitzeko bi minutu eskasen faltan. Saiatu da Uranga, baina olatu egokirik etorri ez eta ihes egin dio finalaurrekorako txartelak. Roberto Brunorekin batera, Brahim Iddouch marokoarra, Uri Valadao brasildarra eta Iain Campbell hegoafrikarra sailkatu dira finalaurrekoetarako. Itacoatiaran (Brasil), Arican (Txile) eta Antofagastan (Txile) lehiatu ondoren, Portugalen jarraituko du Munduko Zirkuituak irailean.
Txilen jokatzen ari diren txapelketan, atzo lortu zuen Urangak final laurdenetarako txartela, laugarren errondan lehen postuan sailkatuta. Gaur ez du lortu finalerdietara sailkatzerik, eta txapelketatik kanpo gelditu da.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide