Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Monologoa. Bakarrizketa. Usurbilen. Sutegi antzokian. Eta hantxe zegoen (Joxelurekin joan zen. Ze bikote polita egiten duten! Ze majoak diren!). Berez-berez espero nuen, baina momentuko subidoiak sorpresa on baten ostekoa zirudien. Ezusteko baten ondorengo pozak besarkatuta bezala sentitu nintzen eta eszenatokira igo aurretik egin ahal izan nituen hitz batzuk berarekin. Izeba gerturatu zitzaigun. "Beitu, hau nere izeko Isabel da", esan nion. "Hau Enara, unibertsitatian nere laguntzailea izan tzan. Bost urte eon giñan batea". Mua... mua (muxuak). "Batea, ez, bat izaten", zuzendu zidan orduan Enarak. Egia! Bat ginen. Apunteak ezin hartu ditzakezunean, beste norbaiten eskuak behar dituzu mahai gainean. Eta arratsaldetan ere klaseak dituzulako bazkaltzen geratzen zarenetan. Sardexka ezin ahora eraman dezakezunean. Esku horiek zureak dira. Eta, ez badira, badirela errepikatuko duzu sinesteraino. Sinestea komeni zaizu komunean ere bakarrik ezin molda zaitezkenean. Baina onena beste norbait hori Enara bezalakoa denean gertatzen da. Eskuak? Nik osorik nahi nuen laguntzailea niretzat. Laguntzailea baino, laguna zelako.
Klik (argazkia atera zigun Isabelek). "Borroso dago. Beste bat egingo dut". Klik. "Ze guapoak". Baditut hobeak bookean. Baina hain nago konpainia onean hor... Pantailari begira gelditu naiz. Hipnotizatuta. Eta itzali egin da. Eta ez naiz konturatu. Ez segundo luze batzuk pasatu arte. Oroitzapenen nostalgiak deskonektatu nau. Eta une batez, oraingo errealitate honetatik kanpo egon izanak, iraganaren indarraren inguruko hausnarketarako interesa piztu dit gero. Iraganak itsutzen gaitu askotan. Itsutu? Ala guztiz kontrakoa? Pantailaren iluntasunean, ikusten ez den argazki bat ikusi dut. Enararen irribarrean galdu naiz. Gustura oso. Eroso.
Bat ginen. Bere eskuak nireak ere baziren. Ezinik ez zen. Txirula ere jo nezakeen. Baina... zertarako jakin behar du ingeleseko irakasle batek txirula jotzen? 2013an grabatu nuen film labur batean horixe galdetzen du Aitziber Garmendia aktoreak Leireren azalean. "Hautazko ikasgaiak ere gainditu behar dira, guapa!", erantzuten dio Esti izanik Arantza Uriak. Ba nik ere horregatik jo nuen.
Behin nahiko xinplea iruditu zitzaigun ariketa bat proposatu zigun musikako irakasleak. Berak doinu bat inprobisatu zuen nota gutxi batzuekin, eta guk doinu bera errepikatu behar genuen gure putz eta hatzekin. Guay! Erraztasun handiago batez jantzi zidaten nire zailtasunek jarduera. Lagunaren buruak kontrolatuko zituen hatzen mugimenduak. Eta hasi ziren ikaskideak banaka-banaka beren txirulak eta abileziak proban jartzen. Nire txanda iritsi zenean, pixka bat blokeatu egin nintzen. Txuri geratu. Ez nuen doinua gogoratzen. "Nola zen?", galdetu nuen. Oraindik gogoratzen ditudanak Enararen barre-algarak dira. "Zuk putz in beher dezu! Fu, fu bakarrik! Notak nik emangoizkizut!". Bai, baina zenbat fu? Zenbat aldiz? Eta erritmoa? karkarkar!
Asko maite zaitut, Enarita.