Mikel Alvarez. (Mondragon)
Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak Mikel Alvarez (Zumaia, 1955) izendatu du unibertsitateko lehendakari. Aho batez hautatu zuten Alvarez. Iñigo Ucin azkoitiarra ordezkatuko du portu horretan, eta 2019ra arte ariko da kargu horretan. Alvarez Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendaria da gaur egun.
Joan zen apirilera arte Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzia izan zen, baina kargua utzi eta Mondragon Unibertsitatera iritsi zen Mondragon Korporazioaren Negozioaren Garapen eta Harreman Intituzionaletarako zuzendari izendatuta. Medikuntzari lotutako ikasketak ditu zumaiarrak, eta arlo horretan aritu izan da lanean, hala nola Basurtuko eta Gurutzetako ospitalean lan egina da, eta Basurtuko erietxeko zuzendari kudeatzaile izandakoa ere bada.
2009an enpresen mundura egin zuen jauzi. Izan ere, ordutik 2015era bitartean Mondragon Healtheko zuzendari nagusi izan zen. Gainera, urte horretan bertan hartu zuen Bilboko Udaleko zinegotzi kargua, eta bi urtez aritu zen zeregin horretan. 2017ko apirilean izendatu zuten Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendari, eta postu horretan aritu da lanean gaur arte.
Alvarezek unibertsitatean ere egin du lan irakasle gisa. Hain zuzen ere, irakasle elkartua izan da Euskal Herriko Unibertsitateak eta irakasle kolaboratzailea Kataluniako Oberta Unibertsitatean. Gainera, Euskalitek egiaztatutako EFQM ereduaren ebaluatzailea ere izan da Alvarez.
Bilboko Udalean zinegotzi zela, Alvarezi elkarrizketa egin zioten Baleike aldizkarian.
Hemen irakur daiteke elkarrizketa.