Xey enpresako zuzendaritzak datorren astean lantegia ixteko txostena aurkeztuko duela jakinarazi zien langileei joan den asteazkenean. Gaur, ostirala, langileen ordezkaritza biltzekoa zen enpresako zuzendaritzakoekin. Zumaiako Udal Gobernuak, berriz, ohar bat kaleratu du esanaz, "Zumaian izan zitekeen berririk txarrena" dela Xey ixtea. Eta hori horrela ez izateko, Udal Gobernuak ahal duen guztia egin duela: "Aspalditik jardun dugu hori ekidin nahian lanean; zoritxarrez, ezinezkoa izan da. Udal eskumenetatik urrun gelditzen diren kontu horietan ezer gutxi egin dezake udalak, batzuekin eta besteekin bildu eta irtenbideak bilatzen saiatzeaz haratago".
Udal Gobernuaren helburuetako bat Zumaian lanpostuak sortu eta herritarrek herrian lan egiteko aukera izatea dela esan du. "Beraz, Xey itxiko denaren berria udalarentzako kolpe gogorra da, Zumaiako familia askori eragingo diolako, eta kezkatuta gaude lanik gabe geldituko diren pertsona horien egoerarekin". Kontuaren gainean egongo direla azaldu dute Zumaiako udal arduradunek, "170 familia horien alboan egongo gara", adierazi du Oier Korta zumaiako alkateak.