Eskualdeko hainbat lagunek parte hartuko dute Goierriko hiru mendi lasterketetan

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 7a

Ehunmiliak, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi probak jokatuko dira egunotan Goierrin. Gaur arratsaldean hasiko da Ehunmilak proba, eta Azkoititik, Azpeititik eta Errezildik igaroko dira parte-hartzaileak.

Gaur hasiko da Ehunmiliak probaren zortzigarren edizioa. Lasterkariak 18:00etan abiatuko dira Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta hainbat herritatik pasatuko dira bihar arratsaldera bitartean. Azpeitiko herrigunera gauerdian iritsiko dira lehen lasterkariak, eta 07:45ean azkenak. Aurretik, Elosutik eta Madariagatik igaroko dira parte hartzaileak, eta, Errezildik ondoren. 168 kilometro eta 11.000 metroko malda dituen ultra-trail proban 409 lasterkarik parte hartuko dute, eta horietatik hamasei izango dira eskualdekoak. Besteak beste, Aitor Adrianek, Pedro Mari Aizpuruk, Raul Cuadradok, Iker Ezamak, Haritz Iturbek eta Ibon Lazkanok parte hartuko dute. Eskualdeko emakume bat ere ariko da lehian: Jone Urkizu, hain zuzen. Aurtengo edizioan gora egin du lasterkarien kopuruak; izan ere, iaz baino 54 parte hartzaile gehiagok eta orain bi urte baino 137 gehiagok eman dute izena. Lasterketa nagusia hasi eta ordu gutxi batzuetara, 23:00etan, abiatuko dira Goierriko 2 Handiak probako parte hartzaileak. Guztira, 515 lagunek parte hartuko dute Aralar eta Aizkorri lotzen dituen 88 kilometroko lasterketan. Probaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta eskualdeko dozenaka lagunek parte hartuko dute bertan. Bestalde, igandean jokatuko da Marimurumendi mendi maratoia. Hain zuzen ere, bigarrenez egingo dute proba, 09:00etan hasita. 280 lagunek eman dute izena mendi maratoian, eta horietatik hamar lagun izango dira Urola Kostakoak. Parte hartzaileek 42 kilometro pasatxoko ibilbideari egin beharko diote aurre. Hiru proben aurreko edizioetan ere eskualdeko hainbat lagunek parte hartu izan dute. Ehunmiliak Urola Kostan
  • Gaur, 18:00. Irteera, Beasainen.
  • Gaur, 19:00-20:00. Mandubia.
  • Gaur, 21:10-00:20. Elosua, Gorla (Azkoitia).
  • Gaur-bihar, 22:45-03:30. Madariaga (Azkoitia).
  • Gaur-bihar, 00:00-07:45. Xoxoteko aterpea, Erlo eta Azpeitian kontrol puntua.
  • Bihar, 02:00-10:00. Zelatun (Errezil).
  • Bihar-etzi, 17:30-18:00. Helmuga, Beasainen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide