Xeyko langileak Donostian, atzo. (Baleike.eus)
Zumaiako Oikia auzoan dagoen Xey enpresako langileak greba mugagabean dira atzoz geroztik. Enpresak dagoeneko lau nomina zor dizkie beharginei, eta oraindik ez dute enpresaren etorkizunari buruzko informaziorik jaso. Xey bideragarria dela sinesten dute langileek, eta lanpostuak mantentzeko eskaera egin diete enpresako akziodun nagusi diren Eusko Jaurlaritzari eta Vitoriano Susperregi enpresariari.
Hain zuen ere, Susperregiren etxearen aurrean, Donostian, bildu ziren atzo goizean langileak protesta egiteko. Akziodunen aldetik inbertsiorik egon ezean, langileen susmoa da aste honetan bertan erabaki dezaketela jabeek enpresa itxiera prozesuan sartzea.