Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Mikel Goenaga eta Zumaiako EH Bilduko zinegotzi Alex Oliden (EH Bildu).
Urola Kostako Udal Elkartean aurrekontuetan akordioa lortu zuten EAJk eta EH Bilduk urte hasieran. Adostutako neurrien artean, besteak beste, lan egonkortasuna bultzatzeko diru laguntzak zeuden, eta laguntza horien lanketan ari dira orain,. Aurkeztutako zirriborroari EH Bilduk hainbat ekarpen egin dizkio, "uste dugulako lana sustatu eta egonkortzeko behar-beharrezkoak direla".
EH Bilduk proposatzen dituen neurriek "enplegu duina eta egonkorra bultzatu eta emakumeen
laneratzea laguntzeaz gain, enpresa berriak gure eskualdean kokatzeko pizgarri bat izatea" bilatzen
dute.
Gaur goizean Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainekin bildu dira Urola Kostako EH Bilduko ordezkariak beren ekarpenak azaltzeko. Hona hemen koalizioak proposatu dituen aldaketa nagusiak:
- Oinarrietan proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa 200.000 eurotik 280.000 eurora igotzea eskatu dute, horretarako aurrekontuetan jasotzen den partida osoa bideratuz. "80.000 euroko igoera hori bere osotasunean diru laguntzen bigarren lerroari zuzendua egongo litzateke, hau da, enplegu sustapenera".
- Enplegu sustapena bultzatu nahi duen diru laguntzen bigarren lerro horretan "kontratuen iraupena aldatzeko" ere eskatu dute. Koalizioak uste du lana egonkortzeko gutxienez urtebeteko kontratuak izan behar dutela, eta ez sei hilabetekoak. "Horregatik, horretara bideratutako diru laguntza bikoiztu egin beharko da: 2.550 izan beharrean 5.100 euro proposatzen ditugu, hau da, urteko hilabete bakoitzeko 425 euro".
- Horretaz gain, langileari hasieratik kontratu mugagabea egiten bazaio edo 12 hilabeteko iraupenaren ondoren bihurtzen bazaio kontratu mugagabea, 360 euroko ordainketa bakarra oso eskas gelditzen dela iruditzen zaie. "Kontratu luze eta egonkorrak bermatu ahal izateko, urteko 1.000 euro gehitzea proposatzen dugu 5 urtetan zehar. Horrela, hasieran jasoko lirateken 5.100 euroz gain beste 5.000 euro jasoko lituzke. Hala ere, kontratazio egunetik hamar urte bete aurretik enpresaren aldetik kontratua etengo balitz, azken bost urteko diru laguntzak itzuli egin beharko lituzke enpresak".
- Jarduera ekonomiko berrien sustapenerako diru laguntzei dagokienez, onartutako eskaeren oinarria 1.000 eurokoa izango da. Kopuru horrek, sustatzailearen edo proiektuaren arabera, hainbat gehigarri izan ditzake. EH Bilduk horietako baten aldaketa proposatu du: "Sustatzaileen edo bazkideen erdia gutxienez emakumeak baldin badira, 50 euro gehitu beharrean, 100 euro gehitzea, hain zuzen ere".
- Zentzu horretan, eskabideen balorazioa egiterako garaian, sustatzaileen edo lankideen gutxienez erdia emakumea izateari garrantzia handiagoa eman nahi diote, eta horretarako, 5 puntu balio izatetik 15 puntura igotzea eskatu dute.