Xeyko langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenetik aurrera

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko ekainaren 29a

Ekainaren 8an hasi ziren greba egunak eta lanuzteak egiten. Langileek gardentasuna eskatu dio enpresari, eta inplikazioa jaurlaritzari.170 langilek egiten dute lan Xeyren enpresa taldean

Xeyko langileak Lakua aurrean. (Bittor Bengoa) Xey altzari enpresako langileek igarotzen ari diren egoera latzaren berri emateko agerraldia egin zuten ekainaren 2an enpresaren aurrean. Langileek jakinarazi zutenez, enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du, eta oraingoz ez dakite jabeek aurrera jarraitzeko eta enpresa likidatzeko asmoa ote duten. Azkenaldian, enpresaren arazo ekonomikoen inguruko zenbait albiste argitaratu diren arren, langileek informazio eza salatzen jarraitu dute. "Likidezia arazo erraldoi bat tarteko, zuzendaritzak hartzekodunen lehiaketa eskatu duela, hori baino askoz gehiago ez dakigu", esan zuten langileek ekainaren 2an egin zuten agerraldian. Duela bost bat urte talde berri batek hartu zuen enpresako zuzendaritza. Orduan egoera txarrean zegoen enpresa: zailtasun handiak zituen bere produktuak merkaturatzeko eta bideragarritasuna bermatzeko behar zena baino gutxiago fakturatzen zuen. 2012an, zenbait akziodun pribatu eta Eusko Jaurlaritza sartu ziren jabegoan enpresari bultzada bat eman nahian. Langileek, bere aldetik, aurtengo hiru soldata ez dituzte kobratu, eta aurreko hiru urteetako beste sei paga ere ez. Greba mugagabea Ekainaren 8an, 14an eta 15ean greba egitea erabaki zuten, eta aste honetan ere mobilizazioekin jarraitu dute. Asteartean Gasteizen izan ziren; Eusko Legebiltzarrean lehendabizi, eta Lakuan ondoren. Izan ere Jaurlaritza enpresaren %32aren jabe da. Ostiralean egingo dute azken lanuztea 08:30etik 13:00etara. Egoerak hobera egin ezean, uztailaren 3an greba mugagabera joko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide