Jose Antonio Gorostola 'Txiki'. (Argazkia: Izaskun Urbieta)
Flysch Trail probaren ajeak oraindik jarraitzen du Zumaian, eta igandean erabilitako materiala eta tresnak biltzen ari dela aritu da hizketan kazetariarekin Txiki Gorostola. "Oraindik ez da amaitu gure lana", dio irribarretsu. Sanpedroetako danborradan omenduko dute bera, eta hasieran proposamena ez zuen gustura hartu. Behin hausnartuta, ordea, pozik eta ilusioz dago Gorostola. "Danborradako lehendakari Ramon Rivasek aipatu zidan omenaldiarena, eta sorpresaz hartu nuen. Hasieran bakean uzteko esan nion", gogoratu du. Flysch proba antolatzen zebilen orduan, eta omenaldian pentsatzeko denborarik ere ez zuen. "Bigarren aldi batean harrapatu ninduen, eta gauza serioa zela eta pentsatzeko esan zidan. Hala, emaztearekin hitz egin, hausnartu eta baiezkoa eman nion", azaldu du Gorostolak.
Gaur 20:00etan igoko du herriko bandera udaletxean. "Denborarik ere ez dut izan horretaz pentsatzeko. Badakit, hala ere, arratsalderako urduri jarriko naizela", esan du. Gauza bakar batek ematen dio beldurra, bere gerriak. "Azken egunetan lan handia izan dugu, eta gorputza tentsioan daukat. Beldurra ematen dit lasaitu eta gerriko mina jarriko zaidan, baina espero dut dena ondo ateratzea".
Kirolaren alde lanean
Umetatik izan da kirolzalea Gorostola. Gaztetan pilotan, arraunean eta futbolean ibili zen batik bat, eta boluntario hainbat ekitalditan parte hartu zuen. 2005ean, aldiz, ardura gehiago hartzeko erabakia hartu, eta Itxas Gain piraguismo taldearen gidaritza hartu zuen. "2012 arte egon nintzen bertan, eta oso urte onak pasatu nituen. Oso harro nago bertan egindako lanaz eta talde hori zuzentzeaz. Talde berezia da, beste maila bat dauka, eta elkar laguntzea du oinarria. Herriko beste taldeentzako adibide bat da. Ikusi egin behar da belaunaldi ezberdinetako jendeak elkarri nola laguntzen dion", azpimarratu du. Lagun asko egin, eta sentimendu asko ditu oraindik. "Orduko abenturak, proiektuak... gogoratzen ditudanean, hotzikara jartzen zait".
2009an, berriz, mendi lasterketa bat egiteko burutazioa izan zuten Gorostolak eta herriko beste batzuk. Halaxe sortu zuten Flysch Kirol Elkartea, eta ondoren, Flysch Trail proba. "Iñigo, Bosco, Fran eta laurok elkartu ginen eta mendi lasterketa bat egiteko ideia atera zen. Hala, ekitaldia antolatzeko prestaketekin hasi ginen. Nire ardura batez ere boluntarioak aurkitzea izan zen. Nik gauza on bat daukat, eta da zumaiarrekin ongi eramaten naizela, edozeinekin, hala pentsatzen dut behintzat", esan du. Bere helburua zumaiar guztiak batera lanean jardutea izan da. "Erronka bat izan zen, eta nire lana pertsona horiek guztiak taldetan jartzea izan zen. Proba bukatutakoan denok bazkaltzera joan ginen, eta pertsonen artean zeuden harremanak leuntzea lortu genuen", gogoratu du. "Lasterketa honetan herri guztiaren parte hartzea dago, eta oso pozik eta harro gaude jasotzen dugun erantzunarengatik. Orain ari naiz konturatzen zer talde eta zer jende dagoen herrian eta zenbat lan egiten duten, ez ni bakarrik", jarraitu du.
Azken urtearen atarian
2014an Zumaiako futbol taldearen zuzendaritza hartu zuen, "beste beroaldi bat izan zen". Lau urteko konpromisoa hartu zuen, eta irailean hasiko den denboraldia izango du azkena.
Horrekin batera, Flysch Traileko taldearekin hartutako konpromisoa utziko du. "Hala ere, beti laguntzeko prest egongo naiz. Gorputzak nahikoa dela esan dit".
ZUMAIAN, SANPEDROAK. EGITARAUA
Ekainak 28, asteazkena
- 18:00. Udaletxean, txupinazoa. Jarraian, erraldoi eta buruhandiak kalejiran, Tolosako dultzaineroekin.
- 18:45. Danborrada, Sagarbidetik irtengo dira.
- 19:00. Ustekabe txaranga.
- 20:00. Herriko bandera jasotzea, udaletxean.
- 22:00. DJ Unai Goikolearekin diskoteka, Kofradian
- 22:30. Drindots taldea, Eusebio Gurrutxaga plazan.
Ekainak 29, osteguna
- 09:00. Tolosako dultzaineroak.
- 10:45. Alkate soinua.
- 11:00. Prozesioa eta ondoren, meza nagusia.
- 11:30. Dultzaineroen kalejira.
- 11:30. Haurrentzat tailerrak eta herri kirolak, Torreberrin.
- 13:00. Bandaren kontzertua, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 17:30. Emakumeen pilota partida.
- 18:30. Iraunkorrak txaranga eta dultzaineroak.
- 19:30. Herri kirolak, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 22:30. Pako eta Urtzarekin diskoteka, Amaiako plazan.
- 23:00. Astondoa su etxearen eskutik su artifizialak. Jarraian, Tolosako dultzaineroekin kalejiran Arranplatik Eusebio Gurrutxaga plazara. Ondoren, dantzaldia Musika Bandarekin.
Ekainak 30, ostirala
- 18:00. Hiru ipuin, Tomasen abenturak antzerkia Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 18:30. XIX. Pilota Txapelketa herrikoia, Odietan.
- 19:00. Zirko ikuskizuna, Soka elkartea eta lagunekin, Torreberrin.
- 22:00. Pilota partida profesionalak, Aitzurin.
- 22:00. Rock kontzertuak, Amaiako plazan.
Uztailak 1, larunbata
- 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Jolas parkea, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 11:30. KAE 2 ligako estropada.
- 13:00. Voces Navarras taldea, Kofradian.
- 18:00. IV. Pala Txapelketa herrikoia, Odietan.
- 18:30. Jainekin txaranga.
- 19:00-22:00. Apar festa eta DJa, Arrangoletan.
- 19:30. Raza Azteca mariatxiak.
- 22:00. Boxeo jaialdia, Lubakin.
- 22:30. Mariatxien kontzertua, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 23:00. DJ 80´s & 90´s, Kofradian.
Uztailak 2, igandea
- 11:00- 14:00 eta 16:00-20:00. Artisau azoka, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 12:00. The Joselontxos txaranga.
- 12:00. KAE 1 ligako estropada.
- 18:30. The Joselontxos txaranga.