Zumaiako Oikiako Xey enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Gaur egun osoko greba egiten ari dira, eta goizean Gasteizen izan dira, lehenbizi Eusko Legebiltzarraren aurrean eta ondoren, Lakuan.
Elkarretaratzeak egiteaz gain, EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovasekin bildu dira langileen ordezkariak, Zumaiako EH Bilduk egindako bitartekari lana tarteko. "Langileen bidearekin bat egiten dugu, eta gure aletxoa jarri nahi dugu arazoa bideratzen", azaldu du Casanovak.
Bileran presente izan da Zumaiako EH Bilduko zinegotzi Alex Oliden ere, eta hau izan da bere balorazioa: "Xeyko enpresa batzordea Zumaiako Udaleko ordezkari guztiekin bildu zen ekainaren 14an, eta guk, EH Bilduk, konpromisoa hartu genuen Legebiltzarreko bidea jorratzeko, bertako EH Bilduren taldearen bidez. Bileran, langileek eskatu dute gardentasuna behar dutela enpresako kudeatzaileen partetik, ez dietelako inolako informaziorik ematen. Eta konpromisoa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari enpleguei eta lanpostuei eusteko, ez baita ahaztu behar Jaurlaritza bera Xey enpresaren %30aren jabea dela. Iker Casanovak EH Bildutik eta Legebiltzarrean zer egin daitekeen azaldu die langileei".
Oikian lantegia duen enpresa konkurtsoan dago gaur egun. Enpresaren zuzendaritzak informaziorik ez diela ematen salatu dute langileek, eta baita zenbait greba egun deitu ere "irtenbidearen alde". Gaurkoa da lehenengo greba eguna. Bihar eta ostiralean 08:30etik 13:00etara lanuzteak egingo dituzte. Egoerak hobera egiten ez badu, berriz, uztailaren 3tik greba mugagabera deitu dute Xeyko beharginek.