Harrizko liburua

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 26a

Flyscgaren geologia lantzeak eta biodibertsitatea aztertzeak Lurraren historia ulertarazten laguntzen die Algorri interpretazio zentroko bisitariei.

Euskal Herria eta, batez ere, euskal kostaldea ezagutu nahi duen edonorentzat, saihestu ezineko geldialdia da Zumaiakoa. Itsasertzeko herrien berezko xarmaz gain, baduelako gainontzekoetatik bereizten duen zerbait: flyschak. Munduan badira egitura geologiko horiek garatu diren beste leku batzuk ere, baina ez Zumaia eta Mutriku artean daudenen pareko entzuterik dutenik. "Flyschek jende asko erakartzen dute, oso ikusgarriak direlako; baina, oro har, jendeak ez daki zenbaterainoko garrantzia daukaten". Hala dio Nerea Ibañezek (Donostia, 1975), Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroko koordinatzaileak. Hain zuzen, flyschak ezagutarazteko sortu zuten interpretazio zentroa, 2005ean, Zumaiako Udalaren ekimenez. Hasieran, bisitariei eremuaren balio geologikoaren berri ematera mugatu zen zentroaren jarduna. Gaur egun, ordea, Zumaiako gainontzeko natur baliabideak ezagutzeko aukera ere ematen du. Algorri interpretazio zentroak garai batean hiltegi izandako eraikin modernista bat du kokaleku. Sartu eta berehala sabaitik zintzilik ikus daitezkeen gantxo handi batzuk dira iraganean han egiten zutenaren froga. 300 bat metro koadroko azalera du eraikinak, bi solairutan banatuta. Harrera lekua, tailerrak egiteko gelak, dokumentazio zentroa eta proiekzio gela daude beheko solairuan, eta baita herriaren garapen historikoari buruzko erreferentzia txiki batzuk ere. Lehendabiziko solairuan, berriz, erakusketa gelak daude; hiru gela, hiru gai lantzeko. Flyscharen geologiari buruzkoa da lehena, eremu hartako biodibertsitatearen ingurukoa bigarrena, eta Urola itsasadarrari dagokiona hirugarrena. Hain zuzen, hiru gai horiexek landu ditzakete Algorri zentrora doazen bisitariek. Erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide