Hernando, Oiarzanal, Lizeaga eta Maiora, aurtengo lau omenduak. (Gorka Zabaleta)
Lainotuta esnatu da gaur eguna, korrika egiteko eguraldi aproposa. Flysch Trail lasterketako bederatzigarren aldian parte hartzeko Beheko plazan bildu diren 700 korrikalariek eskertu dute freskura, lasterketaren erditik aurrera eguzkia agertu eta hezetasunarekin batera lanak zaildu zaizkien arren. Korrikalariak irteera marran abiatzeko amorratzen zeuden bitartean egin dira ekitaldiko omenaldiak. Juanito Oiarzabali aurrena, Jokin Lizeagari ondoren, eta Luis Alberto Hernando eta Maite Maiorari hirugarren txandan. Andoni Egañak kantatu dizkie bertso bana.
Eta denborarik galdu gabe, txalapartaren erritmoan Kandido Urangak irakurritako mezu zirraragarria entzun eta, 8:30ean, abiatu dira maratoiko korrikalariak. Hamar minutuko tartea utzita, itsuen txanda; eta azkenik, 9:00etan, maratoi erdikoak, kadeteak eta juniorrak.
Dani Garcia, Salsamenditik bueltan. (Gorka Zabaleta)
Lasterketa nagusiko onenen artean tarte estua izan da izan azken txanpara arte. Balearretako Alejandro Forcadesek erritmo gogorra ezarri du Andutzen gora eta Ismail Razgari aurre hartu dio, baina atzetik ez ziren oso aparte Dani Garcia eta Abdelfatah Dalal Jirari andaluziarra. Salsamendiko gaina orden horretan gainditu dute, baina Andutzetik Zumaiara bueltan gauzak aldatu egin dira. Razgak erasoa jo du aldapan behera eta atzean utzi ditu aurkariak. Hala ere, atzetik aurrerako lasterketa egin duen Dani Garciak hobeto neurtu ditu indarrak eta pixkanaka gerturatu egin zaio Razgari, harrapatu arte. Razgak garesti ordaindu du ahalegina eta Garcia bakarrik iritsi da azken kilometroetara. Talaimendiko azken aldapa igo eta pozaren pozez sartu da helmugan. Lasterketa eta Espainiako Txapelketa irabazi ditu Garciak (3:33:05) gaur Zumaian. Razga izan da bigarren (3:34:56) eta Abdelfatah Jalal hirugarren (3:35:21).
Emakumeen lasterketan Eli Cordon izan da onena (4:14:22), eta berak ere Espainiako Txapelketaren sari gehigarria lortu du gaur. Kataluniako selekzioko taldekide bat izan du aurretik maratoiko lehen erdian, baina hura erretiratu egin da eta Eli Cordonek ez du arazorik izan helmugan lehen postuan sartzeko. Bigarren Virginia Perez (4:29:25) lemoarra izan da, eta hirugarren Eva Bernat (4:29:55) valentziarra. Cordon pozik agertu da lortutako garaipenarekin, atzetik aurrerako lasterketa egin duela azaldu du, eta indarrez ondo iritsi dela helmugara. "Hezetasun handia egin du, eguzkia atera denean gehiago kostatu zaigu, baina nik ez dut gehiegi sufritu". Lasterketan parte hartu duen lehen aldia izan da gustatu zaio ibilbidea. "Kataluniako Costa Bravan ere badaude halako ibilbideak, itsasoa eta mendia uztartzen dituztenak, eta asko gustatu zait".
Eli Cordon, Andutz aldean. (Gorka Zabaleta)
Probaren gaineko audioak, balorazioak eta argazkiak,
Baleike.eus-en.